Udalak urteak daramatza Tene Mujika literatur saria lehenengo, eta beka (gure herriko historia hurbilari buruzko liburuak argitaratzeko) gero ematen, Elkar argitaletxearekin elkarlanean. Nolanahi ere, Tene Mujikaren irudia eta lana, bere garaiko emakumeekin gertatzen den bezala, ez da orduko gizonena bezain ezaguna. Eta hori erreparatu beharra ikusi du Udalak, eta dagokion aitortza egitea erabaki. Gainera, une honetan, bat egin dute hainbat pertsona Mujikari buruz egiten ari diren lanek.
Irailaren 16an zabaldu zen erakusketa izan zen lehen ekimena. Tene Mujika literatur sariaren eta historia hurbila ikertzeko bekaren lan irabazleek osatu zuten hura, eta Santa Maria elizako kalostran egon zen ikusgai urriaren 3ra arte.
16an bertan, arratsaldez, Tene Mujika, emakumea eta Tene Mujika udazken argitan lanen egileek, Nekane Goikoetxeak eta Cira Crespok, hurrenez hurren, haien lanak aurkeztu zituzten. Aurkezpenean parte hartu zuten, halaber, Eusko Jaurlaritzako Josune Zabalak, Berdintzen bekaren nondik norakoak azaltzeko eta Jakin-eko zuzendari Lorea Agirrek, emakume hauen lanen digitalizazio proiektua azaltzeko. Tene Mujika hobeto ezagutzeko aukera eman zuen solasaldiaren gidaria Itziar Irizar Debako Udaleko alkateordea eta berdintasun eta politika feministen zinegotzia izan zen.
Arlo desberdinak jorratu zituen Tene Mujikak, eta horiek aintzat hartuta, 2021eko udazken eta neguan hainbat jarduera programatuko dira, antzerkia, ipuingintza, olerkia… alorrei lotutakoak. Irailaren 17an, adibidez, Frontona antzerkia izan zen Aldats pilotalekuan.
Tene Mujika XVI. beka
Historia hurbila ikertzeko Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean ematen duten bekari lotuta, berriz, hainbat ekimen egingo dira datozen hilabeteetan. XVI. bekarako deialdia zabalik dago: 6.000 euroko laguntza emango da, gure herrian azken 60-70 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburua egiteko.
Abenduaren 9ra arte bidal daitezke lanak artxiboa@deba.eus helbidera eta 2022ko urtarrilean ezagutuko da irabazlea. Oinarriak Debako Udalaren atari digitalean daude ikusgai.
Bestalde, irailaren 28an Deban aurkeztu zen 2019ko irabazlearen liburua: Iñigo Lopez Simonen Bilboko etxola batean.
2020ko bekaren deialdian bi lan saritu zituen epaimahaiak eta horien aurkezpenak egingo dira 2022ko udaberri eta udazkenean. Jon Abrilen Ezkutatutako eskuak: emakume langileak gerra ondoko Euskal Herrian, batetik; eta bestetik, Erika Lagomaren eta Estitxu Fernandezen Amatasun feminista. Bi lanek dute lotura generoaren aldagaiarekin.