Markel Olano diputatu nagusia, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua, Gilen Garcia Debako alkatea eta Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatea pasealekua osatzeko falta zen zatian egon ziren irailaren 29an.
2020ko udaberrian, GI-638 errepidearen hobekuntza eta Ondarbeltzeko aparkalekuaren eta Mutrikuko hirigunearen arteko oinezkoen pasealekua jendearentzako ireki zirenean, jarduketa eremutik kanpo geratu zen orain amaitu den zatia. Horren ondorioz, Deba eta Ondarbeltz arteko pasealekua erabili nahi zuten herritarrek 200 metro inguruko tartea egin behar zuten errepidetik, Urazamendik auzoaren eta Ondarbeltz hondartzaren artean, eta horrek arrisku handiko egoerak eragiten zituen.
Oinezkoentzako pasealekua 2 metro zabal da, eta hormigoizko harri-lubetazko eustorma baten gainean eraikita dago. Horma horrek 200 metroko luzera du, eta altuera ia aldaketarik gabea, 3,3 metro da gehienekoa. Horma horretan sartuta, Ondarbeltzeko kantinako eta Gure Estalpe finkako hondakin urak biltzen dituen saneamendu kolektorea eraiki da, eta, horrela, desagertu egin dira Debako itsasadarrera egiten ziren ur beltzen isurketak.
Azken zati honetako obrak 400.000 eurotik gorako aurrekontua izan du, eta 5 hilabetean gauzatu da. Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidearen berritzeak eta oinezkoen bidea gauzatzeak, orotara, 10,5 milioi euroko aurrekontua izan du.