Aurten baDa azoka

Berriketan 2021ko aza. 18a, 10:16

Abenduaren 3tik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 56. edizioa; aurrez aurreko 220 stand eta online denda uztartuko ditu, baDA! lelopean. Leire Urbeltz sortzaile iruindarrak egin du aurtengo kartela, Desipuindegia izenburupean. Urbeltzek Azokako lehenengo edizioak izan ditu gogoan, garai horretako irudien revivalismoa eginez.

“Aurten Azokarik bada? Askok egin digute galdera. Bai noski, baDA!”, iragarri zuen Gerediagako presidente Nerea Mujikak Durangoko Landakogunean egindako prentsaurrekoan. Bertan jakinarazi zuenez, aurten, azoka presentziala eta digitala izango da; 220 erakusmahai egongo dira aurrez aurre abenduaren 4tik 8ra, eta online denda martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra durangokoazoka.eus webgunean.

Mujikak azpimarratu zuenez, edizio honetan “itzuliko dira erakusmahaiak, itzuliko dira korridoreak, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia, eta itzuliko dira sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, zein autoekoizleak; eta, nola ez, kulturzaleak. Beraz, bada Azoka. Eta zelako Azoka!”.

50 kontzertu Plateruenan
Kontzertuei dagokienez, antolakuntzak iragarri du Ahotsenean 50 kontzertu eskainiko dituztela eta emanaldi guztiak Plateruenan izango direla, 11.00etatik 22.00etara bitartean. Sarrera doakoa izango da eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Horrekin batera, jakinarazi dute Ahotseneako zuzenekoak zein Azokako Areto Nagusiko ekitaldiak webgunean ere jarraitu ahal izango direla streaming bidez.

Musika ez ezik, Durangoko Azokak diziplina askotariko egitaraua berreskuratuko du aurten: solasaldiak, proiekzioak, arte eszenikoak, umeentzako ikuskizunak, ekitaldiak…

Debabarreneko uzta
Debabarreneko Komunikazio Taldeak (DKT) jasotako informazioaren arabera, aurten, bailarako idazle, musikari eta argitaletxeek ondutako 23 liburu eta disko baino gehiago izango dira azokan; tartean, eleberriak, poema liburuak, album ilustratu bat, itzulpenak, eta baita rock, folk eta jazz diskoak ere.

GEHIGARRIA: Hilabete honetako Berriketan aldizkarian argitaratu den Debabarrenetik Durangoko Azokara gehigarrian -267.alea- ikus ditzakezue, herriz herri, eskualdeko sortzaileek azokara aurkeztuko dituzten kultur lanetariko batzuk (DKT osatzen duten gainerako komunikabideetan ere argitaratu da).

*Debabarreneko Komunikazio Taldea (DKT): Drogetenitturri (Ermua, Mallabia), …eta kitto! (Eibar), Pil-pilean (Soraluze), Barren (Elgoibar, Mendaro) eta Berriketan (Deba).

Debabarreneko Komunikazio Taldea (DKT): Drogetenitturri (Ermua, Mallabia), …eta kitto! (Eibar), Pil-pilean (Soraluze), Barren (Elgoibar, Mendaro) eta Berriketan (Deba).