Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea; euskaraz jakin arren, aukera hori ematea euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari; nahiz eta euskalduna izan, ohituraz, euskaraz gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea… Horixe da, azken finean, Mintzodromoaren helburua, giro gozoan euskaraz hitz egiteko gune lasai bat eskaintzea.
Hizkuntza maila edozein dela ere, herritar orori zuzendutako gonbidapena luzatu du azken asteotan Zuhatzak eta harrera beroa egin zaio deialdiari. Hogeitik gora lagunek eman dute izena gaur arratsaldean, 18:00etan, egingo den ekimenerako. Mari Searak eta Antton Aizpuruak gidatuko dute solasaldia; bost laguneko mahaietan eseriko dira partaideak, segurtasun distantziak eta maskara jantzita, eta gai desberdinez hitz egiteko aukera izango dute ordubete inguruko saioan. Hitzordua biribiltzeko, luntxa eskainiko dute gero, bertaratutako guztientzat.