Azaroaren 27ko eta 28ko asteburuko saioek 3 tailer edo atal izan dituzte: batetik, testuingurua ulertzeko, dinamizatzaileek udal langileekin batera osatutako 9 panel informatibo izan dira ikusgai; bertan azalpenak entzun ahal izan dituzte herritarrek. Bestetik, Zumardi ingurua azaltzen duen planoaren gainean, egoera onean, hobetu beharrean edo txarrean dauden guneak identifikatu dituzte. Eta hirugarren gunean, batetik, ahozko ekarpenak jaso dira, eta, bestetik, Zumardiko guneari buruzko ekarpenak, planoetan. Hau guztia dinamizatzaileek lagunduta, eta herritar bakoitzak nahi edo ahal izan duen denbora eskainiz.
Eguraldiak asko lagundu ez badu ere, 175 herritar bertaratu dira asteburuan zehar. Oro har, oso balorazio positiboa jaso da parte hartu duten herritarrengandik. Ekarpenak jasotzeko modu berritzailea, gertukoa, erraza eta arina diseinatu baitute dinamizatzaileek.
Aurrerantzean ere gisa honetako jarduerak antolatzeko asmoari eutsiko dio Partaidetza Batzordeak, herritarrek lehenetsitako gaiak lantzeko aukera paregabea izan daitekeelako.