Atzerrian bizi diren kualifikazio tekniko edo teknologiko altuko gazteen itzulera erraztea da helburua, mentoring eta akonpainamendu prozesu baten bidez. Prozesu horretan enpresen-zuzendaritzarekin eta gerentziarekin harremanetan jartzen dira interesatuak, itzulera-ibilbidean orientatzeko.
HATOR! programak prestakuntza tekniko eta teknologikodun gazteak bilatzen ditu; garai batean atzerrian prestakuntza edo lanbide hazkunderako aukera bat baliatu eta orain Euskal Herrira itzultzeko nahia dutenak. Programaren sustatzaileen esanetan, “gazte horiek sarritan ez dute informaziorik izaten gure herrialdean beren sektore profesionalak duen egoeraz eta askok ez dakite nondik hasi beren jatorrizko herrialdean gaitasun profesionalak garatzen jarraitu ahal izateko eta kalitatezko enplegua eskuratzeko. Hain zuzen ere, HATOR! programak horixe landu nahi du, izan ere, ezagutza horrek beren lurraldean ibilbide profesionala garatzen lagundu dakieke”.
Lehenengo fasean programaren berri ematen zaio parte hartzaileri eta elkarrizketa bat egiten da pertsonaren egoera, profila eta interesak ezagutzeko. Pertsona HATOR! programan sartzen denean tutoretza, akonpainamendu eta orientazio- prozesua hasten da, bere laneko profila, gaitasunak eta helburu profesionala aztertzen dira eta curriculuma lantzen da.
Aurreko urratsak emanda, lan merkatuan sartzeko prestakuntza hasten da. Pertsonekin enpresen mapa lantzen da: beren profil eta interesekin bat datozen enpresak eta bestelako entitateak identifikatzen dira eta eskatzen dituzten gaitasunak aztertzen dira.
Gero, enpresa bat aukeratzen da eta, elkarrizketa baterako hitzordua finkatzen da pertsonak eta enpresak elkar ezagutzeko, Agentziako teknikariak bertan direla. Elkar ezagutzeaz gain, elkarrizketaren helburua itzulerarako Ekintza Plana diseinatzea da. Debegesa arduratuko da enpresa horietako batekin elkarrizketa egiteko hitzordua finkatzeaz eta pertsona topaketa horretarako prestatzeaz.
Proiektuan parte hartzeko, Debegesaren webgunean (www.debegesa.eus) dagoen formularioa bete behar da, Debegesa interesatuekin harremanetan jar dadin.
Informazio osagarria: https://www.debegesa.eus/eu/hiritarrak/hator