Osasun-pandemiaren eraginez, iaz sare sozialak baliatu behar izan zituzten Olentzerok eta Mari Domingik herriko haurrak agurtu ahal izateko; aurten, ordea, ohiko moldera itzuliko da ekimena (aldaketa batzuk izango dituen arren), eta presentzialki izango dira gabonetako bi protagonista nagusik herrian, ikastetxean ez ezik Aldats pilotalekuan ere.
Aurten ere Olentzero eta Mari Domingiren etorrera prestatzeko lantaldeak egin du deialdia (Debako Udala, Zuhatza elkartea eta Kolore Anitz, Zubi Guraso Elkartea, Goaz Antzerki Taldea eta norbanako boluntarioak). Aurrez emandako argibideetan nabarmendu dute, besteak beste, garrantzitsua izango dela Aldatsera jendea puntual agertzea, dagokion txandan betiere, pilaketak ekiditeko asmoz. Era berean, ohartarazi du LHko haurrek eta pilotalekura sartzen diren helduek musukoa eraman beharko dutela (sei urtez beherakoek heldu baten laguntzaz sartu beharko dute). Ekitaldia Aldatsen egingo da, kaleetan zehar egin ohi den kalejirarik ez da izango aurten.