ELKARRIZKETA

Nerea Allika: “Eguneratu gabe edo gogorik gabe lanbide honetan aritzea ezinezkoa da”

Berriketan 2021ko abe. 23a, 18:02

Allika argazki-dendak eta hiru belaunaldien lan moduek azken 100 urteetako argazkilaritzaren historia laburbiltzen dutela esan liteke; eta herri baten historia izan da argazkiz argazki josi dutena ere.

Aitonak, aitak, eta jardunean dabilen Nerea Allikak, kameren atzeko beren begietatik, lehen eta oraingo herritarren bizitzak edonoren begietara hurbildu dituzte. 51 urte ditu Nereak eta afizio eta ofizio du argazkilaritza. Bien arteko marra oso lausoa dela dio, eta zaila egiten zaio bere burua beste ofizio batean irudikatzea, bere izaera eta argazkilaritza erabat lotuta ikusten ditu eta. Hura du bizibide eta bizitza.

Ehun urte egin ditu dagoeneko Deban Allika argazki-dendak, baina abizenak Bermeon du jatorria, ezta?
Hala da, lanak, trenbidearen eraikuntza-lanek zehazki, ekarri zuten Ramon, gure birraitona, Debara Errepublika garaian.

Gerra aurreko sasoian zuen aitona Hilariok argazkilaritza ikasi zuen Bilbon; gizon jantzia behar zuen izan…
Bai, oso gaztetxo, hamalau urterekin, bidali zuten Bilbora argazkilaritza ikastera eta hiru urte eman zituen han. Ez dakigu ziur bere afizioz edo bere aita Ramonen ideia izan zen.

Eta haren testigua hartu zuen Antonek, zuen aitak, Frankismo betean. Hilarioren antzeko bidea egin al zuen?
Ez, oso bestelakoa. Deban egiten ziren lehen ikasketak eta gazte-gaztetatik aitarekin hasi zen lanean, hasieran dena aitarekin ikasi zuen, gero bere kabuz, jakina. Baina oso sasoi desberdina izan zen Errepublikaren aldean, askoz aukera gutxiago zegoen; atzerapauso hori nabarmena da kasu honetan.

Antonen atzetik, berriz, zu zeu, Nerea, lehenengo emakumea argazkilari-familia honetan…
Bai, lanbide honetan emakumezko argazkilari asko egon da bai nire sasoian bai aitarenean; gizonak beste esango nuke. Egia da familia alorreko argazkilaritzan emakume gehiago jarduten dela nahiz eta gizonezkoak egon badauden. Argazkilaritza industriala, kirol-argazkilaritza, bodegoiak… horretan, berriz, gizonezko gehiago dago. Baina erakusketak eta sarituak bi generoetakoak daude. Ez dut inoiz alde horretatik bazterketarik sumatu. Nire kasuan behintzat, nire izaeraz, bakarka baino jendearekin harremanetan lan egitea askoz nahiago dudalako nago familia-argazkilaritzan.

Bartzelonan ikasi zenuen. Zuk ikasitakoak asko urruntzen al ziren dagoeneko aitaren lan moldetik?
Orduan ez. 90eko hamarkadaren hasieran egon nintzen ni han eta garai hartan era digitala iritsi gabe zegoen, ikasketa guztiak analogikoan ziren. Teknika klasikoa ikasi nuen han, nola egin zuzen txuri-beltzeko argazkiak, nola errebelatu, nola argiztatu… Ez ziren unibertsitateko ikasketak ere, harrezkero badago diplomatura. Gero, eguneroko lanean, ezin duzu hain perfektu egin dena, baina oinarri sendo bat hartu nuen han eta gero, beti bezala, lanean jardunean ikasi nuen, jakina. Egun, berriz, egiten dudan lana aitak egiten zuenaren oso desberdina da.

Bizibide bati 100 urtez eustea ez da broma! Aldi gogorrak ere izango ziren bidean…
Garairik zailena, ofizioan gertatutako aldaketa izugarriarengatik, nik bizitakoa dela esango nuke. Krisiak lehenago izan dira, bai, baina gure sasoian ere izan dira, eta gure kasuan horri teknologiak ekarritako aldaketa izugarria gehitu behar zaio. Hala ere, hirurok jakin dugu, nire ustez, bakoitzak bere erara, sasoi bakoitzeko erronka eta aldaketei erantzuteko egokitzen gure lana.

Gogoangarriak ere izan dira, seguru. Herriari lotutako istorioak, anekdotak…
Arreta handia ematen didan gauza bat da gure aitak hemen inguruko baserri guztiak ezagutzea. “Familia ugaria” izaten ziren garai hartan baserrietan gehienak eta makinak hartuta oinez joaten ziren aita eta aitona familia horiei argazkiak ateratzera. Bizitza osoan argazki bakarra ateratzen zen sasoi hartan ez zegoelako hain eskuragarri. Eta oso gertaera berezia izaten zenez dotore-dotore janzten ziren denak. Gero, nola ez, hamaiketakoak eta abar egiten zituzten. Harreman estua sortzen zen haien artean.

Bizitzak zuzenean jasoz herriaren historia biltzen duzue. Herritarrekin zer harreman duzue horretarako?
Jendea, ezkontzen denean, umeak izaten dituenean… etortzen da gurera. Nire lanaren % 99 momentu pozgarriak dira, momentu tristeetan argazki gutxi ateratzen da. Horregatik lan honek oso karga positiboa du. Egiten den harremana lagunartekoa izaten da. Oso deigarria egiten zait, adibidez, norbait hemen dagoenean telefonoz deitzen badiote askotan ez duela esaten “argazki dendan nago”, “Allikan nago” baizik. Horri marka deitzen diote.

Gehienok zurekin eta aitarekin Hondartza kalean ezagutu dugu Allika argazki-denda. Hor egon al da beti?
Ez. Gaur egungo Ostolaza kalean, orduko Calle Carnicería 21ean, pisu batean zeukan aitonak estudioa. Familiak, gero, Hondartza kaleko etxea erosi zuen eta aita bertan jaio zen. Kokaguneagatik aukeratu zuten, denda jartzeko aukerarik “komertzialena” zelako. Labaderoa zegoen hemen lehen, eta behealdeko harria mantendu zuten.

Asfogi Gipuzkoako Argazkilari Profesionalen Elkarteko zuzendaritzako kide ere bazara. Zein da argazkilaritzak bizi duen egoera egun?
Gehien kezkatzen gaituen gaia pirateoarena da. Egun kamera duen edonork dio argazkilari dela, bertatik bizi gabe, eta beltzean kobratzen du, gutxiago, eta horrek gure lana debaluatzen du. Nik jasotako dirutik BEZa ordaindu behar dut, autonomoak, lokalaren gastuak… Ofizioari kalterik handiena egiten diona jendearen begietara dena berdina izatea da, ez da bereizten zein den profesionala eta zein ez. Nik faktura aurkeztu beharra daukat, erantzukizun zibileko asegurua ordaindu… Askok Instagram-en “photographer” jartzen dute, ingelesez gainera, baina ez dira hortik bizi, ez dute zergarik ordaintzen… Oso lehia desleiala da.

Asko aldatu al da argazkilaritza sektorea azken urteotan?
Hainbeste… egia esan oraintxe ez dakit nire ofizioa nora doan; ez dakit beste batzuk bezala desagertuko den ere, edo nire bidea bilatuko dudan berriz, orain arte bezala. 100. urtera iritsi gara, bai, baina noiz arte iraungo dugun…

Sektorea berritzen ari da oraindik?
Eguneroko aldaketa da hemen daukaguna. Kontua da tren horretara igotzen zarenean zoragarria bihurtzen dela dena; erraza eta polita. Aldaketaren kontzeptua ondo barneratuta daukazunean asko gozatzen da. Konturatzen naiz, esate baterako, orain eta orain dela sei hilabete gauza bera ez nukeela berdin editatuko.
Nire lanaren estetika, niri gustatzen zaidan “look” hori, ez da aldatzen; egokitu egiten dut bitarteko berrietara. Nire kristal horretatik begiratuta jasotako ikuspuntua zehatz ematen saiatzen naiz.
Elkartean beti gabiltza formakuntza jasotzen, eta teknologia berrien aukerez ikasten: Instagram, sareak… Eguneratu gabe edo gogorik gabe lan honetan aritzea ezinezkoa da.

Pandemiak nola eragin dio zuen sektoreari? Itzuli al da lehengora?
Pandemian ezin zen familia arteko ospakizunik egin, ez ezkontzarik, jaunartzerik, urrezko ezteirik… 2021ean batzuk berreskuratu dira, eta bizitzak aurrera jarraitzen duenez familiek segitzen dute une on horien oroigarri bat nahi izaten. Bestalde, neurriak ondo zainduta, estudiora etortzeko beldurrik ez du izan jendeak, nik hasieran kezka izan arren.

Beste zerbait gehitu nahiko zenuke? Hurrengo lerroak zeureak dira.
% 99an dendan bezero eta herriarekin daukagun harremana familia bezala oso ona da. Herritar eta ondoko herritako askorengandik jasotzen dugun erantzuna oso gertukoa da. Horregatik, beraien guztiengatik ere iraun dugulako, hori eskertu egin nahi genuke. Egunero galdetzen dit baten batek aitarengatik ere; babes hori benetan eskertzekoa da!

(Arg.: Ander Salegi)