Hezeguneei buruzko Ramsar-eko Hitzarmenak bultzaturik, otsailaren 2an Hezeguneen Munduko Eguna ospatzen da eta, horren harira, Euskal Kostaldeko Geoparkeak “Hegaztiak behatzeko hastapen-tailerra” antolatu du otsailaren 6an, igandean, Deban. Irteera hau urrian egitea aurreikusita zegoen, baina eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen.
Irteeran egingo den ibilaldia laua da, erraza eta hegaztiak behatzeko oinarrizko formazioa emango da; hegaztiak non ikusten diren, hauek ondo ikusteko beharrezko tresnak, identifikatzeko moduak edo behaketa erregistratzeko erak azalduko dira, besteak beste.
Itsasadarra zeharkatzeko oinezkoen zubia itxita dagoenez, Debako Artzabalgo aparkalekua (Danobat) izango du abiapuntu irteerak; goizeko 10:00etan elkartuko da taldea eta tailerrak hiru orduko iraupena izango du. Geoparkeko Ingurumen arduradun Gonzalo Torrek gidatuko du taldea eta azalpenak euskaraz emango ditu. Jarduera interesa duen edonori dago zuzendua, familian egiteko egokia da, eta parte-hartzea doakoa da.
Parte hartu nahi duten herritarrek aurrez eman behar dute izena ondoko formularioa beteta labur.eus/hezeguneak2022 edo Debako Turismo Bulegoan aurrez aurre edo 943 19 24 52 telefonoan (10:00etatik 14:00etara astelehenetik ostiralera), plazak mugatuak dira eta. Edukiz gero, prismatikoak eramatea gomendatzen da.
Zergatik ospatu Hezeguneen Munduko Eguna?
Hezeguneen ia % 90 degradatu egin da XVIII. mendeaz geroztik, eta galera-abiadura basoak galtzea baino hiru aldiz handiagoa da. Hala ere, hezeguneak funtsezko garrantzia duten ekosistemak dira, eta biodibertsitatea, klima-aldaketa arintzea eta klima-aldaketara egokitzea, ur geza izatea, munduko ekonomian, besteak beste, laguntzen dute.
Geoparkearen esanetan, jendea sentsibilizatzea premiazkoa da mundu osoan, hezeguneen galera bizkorra berreskuratzeko eta haien kontserbazioa eta leheneratzea sustatzeko. “Hezeguneen Nazioarteko Eguna une aproposa da pertsonek garrantzi erabakigarria duten ekosistema horiei buruz gehiago jakin dezaten”, nabarmendu du.