Debabarreneko Gipuzkoako udalek, hau da, Debak, Eibarrek, Elgoibarrek, Mendarok, Mutrikuk eta Soraluzek, neguko dispositiboa jarri dute martxan etxegabeei ostatu emateko. Iraganean zenbait saiakera egin dira horrelako zerbitzuak eskaintzeko, baina orain arte ez dute proiektu komunik garatu ahal izan eta pozik daude egitasmo honek izan duen harrerarekin.
Idoia Sarasketa Eibarko Udaleko Gizartekintza saileko arduradun politikoak dioenez, “gai horretan eskualdea zorretan zegoen”, nahiz eta azken urteotan zenbait proposamen eta ekintza egin diren. “Orain dela hiru urte neguko aterpea ireki genuen Eibarko Azitain kalean dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan, baina ikusi genuen ez zela tokirik egokiena. Iaz, Matxaria kalean Udalak dituen etxebizitza batzuetan eta Untzaga Hotelean aterpe zerbitzua eskaini genuen; eta, pandemia hasi zenean, Deban dagoen Santiago Bideko ostatua etxegabeentzako ireki zuten”, azaldu digu zinegotziak. “Debabarrena osoari ematen zitzaion zerbitzua, baina ez zegoen toki askorik. Ekintza puntualak izan ziren, protokoloa 3 gradutik jaisten zen egunetan aktibatzen zen”, gehitzen du.
Salbuespenetik harago joan eta beharrari erantzun integrala emateko asmoz, aterpea Eibarko karmeldarren elizan ezartzeko aukera sortu zen eta erlijiosoek parez pare ireki zizkioten ateak proposamenari, instalazioak doan eskainiz. “Asko eskertzen diegu keinua eta, gauzak ondo, akordioa urte gehiagorako luzatzeko aukera izango dugu”, diosku Sarasketak. Momentuz aterpea ez da urte osoan zehar egongo zabalik, neguan bakarrik, baina eskualdeko udalen zorra arintzeko balio izango du eta Sarasketak esan digunez erakundeak “harro” daude lortutakoarekin.
14 plaza arrunt
Neguko aterpeak 14 plaza arrunt ditu gaua non pasatu ez dutenentzat. Zerbitzua jaso nahi dutenak eskualdeko udaletako gizarte zerbitzuekin, gizarte hezitzaileekin, Gurutze Gorriarekin, Osakidetzarekin, Caritasekin, udaltzainekin edo Ertzaintzarekin harremanetan jarri behar dira, eta egunero erabiltzaileen zerrenda bat osatzen du Eibarko Udaltzaingoak. 20:00etan amaitzen da izena emateko epea, baina norbait beranduago agertzen bada eta plazaren bat libre badago, sartzeko aukera izaten du. Horrela, erabiltzaileek gaua pasatzeko aukera izaten dute, hilean bost aldiz gehienez.
Azken egunetan bezala hotz handia egiten duenean, sei plaza gehiago jartzen dituzte eskuragarri. Gainera, egonaldi ertaineko beste lau plaza daude, “baina plaza hauek lortzeko gizarte langileek erabiltzaileen txostena egin behar dute eta erabiltzaileek euren bizitza bideratzeko konpromisoa hartu behar dute”, azaldu digu Sarasketak.
Plaza arrunt bat lortzeko baldintza hauek bete behar dira: norberaren higieneari eta zentroko higieneari buruz langileek emandako jarraibideak betetzeko konpromisoa hartzea, jokabide-nahasterik ez edukitzea edo bertako elkarbizitza normala larriki nahas dezakeen portaerarik ez izatea, ospitaleratzea eskatzen duen gaixotasun fisiko edo psikologikorik ez edukitzea, eta zerbitzuak eskaini ahal ezin dituen osasun-laguntza espezializa tuen beharra ez edukitzea. Gainera, bizikidetza egokia izateko zenbait arau jarraitu behar dituzte.
Aterpearen funtzionamendua
Aterpetxeak 20:00etan irekitzen ditu ateak goizeko 10:00ak arte, eta atea gurutzatu bezain laster teknikariek harrera egiten diete erabiltzaileei. Erabiltzaileek COVID protokoloa bete behar dute une oro eta sarreran armairu batzuk dituzte euren gauzak lagatzeko. Eskailerak igotzean (igogailua ere badago) jangela, sukaldea, garbiketarako gela eta logelak aurkitu ditzakete, eta balkoira irteteko aukera dute nahi izanez gero. “Logelak bi ohekoak dira, komunarekin, baina behar izanez gero sei oheko logela familiarra ere badago”, esan digu Sarasketak.
Erabiltzaileak bi integratzaile eta hezitzaile baten begiradapean daude aterpetxean, eta euren beharrei erantzuna ematen saiatzeaz gain, arazoak ekiditeko edo konpontzeko daude. Horrez gain, sukaldari batek afaria eta gosaria prestatzen ditu, eta garbitzaile bat dago.
Eskaerak gora urtarrilean
Aterpea zabaldu zutenean, abenduaren lehen astean, ez zuten erabiltzailerik jaso, baina handik aurrera jendea etortzen hasi zen. “Horrelako kasuetan ahoz ahokoak funtzionatzen du, jendeak horrela izan du batez ere zerbitzuaren berri”, diosku Sarasketak. Abenduan 13 erabiltzailek 71 gaualdi egin zituzten eta, batez beste, pertsona bakoitzak bi gau egin zituen. Abenduan, erabiltzaile gehien egon ziren egunetan sei lagun elkartu ziren, baina urtarrilean hotz gehiago egin du eta egun batzuetan 11 lagun elkartu izan dira.
Zinegotziak esan digunaren arabera, hara eta hona dabilen jendea etortzen da aterpetxera, horrelako zerbitzuak hilean bost aldiz erabili ahal izaten dituztelako gehienez eskualde guztietan. Horrela, jatorri ezberdinetako jendea elkartzen da, baina euren arteko bizikidetza ona dela esan digu Sarasketak. “Gainera, orain dela gutxi emakume bat izan dugu, nahiko gauza arraroa dena, eta ez da inongo bizikidetza arazorik egon”, dioenez.
Erakundeak pozik daude aterpetxearen egitasmoak izan duen harrerarekin eta eskaintzen duen zerbitzuarekin, eta datorren hilabetean eskualdeko udal-teknikariak aterpetxean elkartuko dira bere funtzionamendua gertutik ezagutzeko. “Gainera, herritarrentzat ateak ireki nahi ditugu ondoren, gaia ondo ezagutzeko eta kontzientzia hartzeko”, amaitu du zinegotziak.