Inauteriak iragarri ohi dituzten Kaldereroak izan ziren larunbat iluntzeko protagonistak Deban. 19:00etan Agirre jauregiko plazan elkartu ondoren, kalejira jendetsua egin zuten kaleetan zehar hamarnaka lagunek, arropa zaharrak soinean eta zartaginak eskuan, eta pregoi, abesti eta dantzez girotu zituzten herriko hainbat eta hainbat gune gutxienez pare bat orduz luzatu zen hitzorduan.
Ostiralean abiatuko den ospakizun-egitarauaren lehen ekimena baino ez zen izan, nolanahi ere, otsailaren 25ean (ostirala), 26an eta martxoaren 1ean ere izango baita zer ospatu eta zer ikusi gurean. Debako Udalak gogorarazi bezala, osasun-egoerak erabat baldintzatu ditu azken hilabeteotan kultura eta aisialdiari bideratutako denborak eta espazioak. “Debako eragileek, Udalak bezala, herritarrentzat hain garrantzitsua den aisian ekarpenak egin dituzte egoerak ahalbidetu duen neurrian. Eta une honetan, egoera bere onera itzultzeko bidea hartzen ari dela diote adituek; hortaz, erabaki dugu ahal den neurrian ohikoak diren hainbat ekimen berreskuratzen joatea, eta herriari bizia ematea”, nabarmendu du Aritz Larrañaga kultura zinegotziak.
Hori hala, Debako Kultura Batzordeak herritarrei gonbita egin die inauterietan mozorrotu daitezen, ekimenetan parte hartuz, eta jende pilaketak ekiditeko hartuko diren neurriak errespeta ditzaten ere eskatu die.
Hauxe da inauterietako egitaraua:
• Otsailak 25, ostirala:
– 17:00: Deba Musikaleko ikasleen kalejira.
– 18:30: Haurrentzako jokoak: Erronka-jolasa, Kolore Anitzen eskutik.
• Otsailak 26, larunbata:
– 13:00: Kalejira: Debako Musika Banda.
– 17:30: Antzerki eta zirku ikuskizuna: “Txoriak txori”, Foruen plazan.
– 19:30: AKELARRE txaranga.
– 20:00: Mozorro-lehiaketaren sari banaketa, Foruen plazan.
– 20:30: AKELARRE txaranga.
– Egunean zehar MOZORRO-LEHIAKETA izango da, bi modalitatetan: banakakoa eta taldekoa; modalitate bakoitzeko bi sari egongo dira. Photocall-a jarriko da udaletxeko arkupeetan. Parte hartu nahi duenak bertatik pasa beharko du argazkia ateratzeko: goizez, 13:30-14:30 / arratsaldez, 18:00-19:30.
• Martxoak 1, asteartea:
– 17:00: Mozorro show-a, Gaztelekuak antolatuta, Aldats pilotalekuan.