Pozik agertu da Gilen Garcia Boyra alkatea Luzaron jarri berri den estalpearekin, “hemendik aurrera beste gune eroso batez gozatzeko aukera izango baitugu, batez ere gaztetxoek”.
Estalpe iraunkorra jartzeko orduan, eskolak erabilera anitzetarako estalpe finkoa izan dezan bilatu da. Guneari goxotasun pixka bat eman nahian, estalpea egiteko egurra erabili dute eta zati bat libre utzi dute, nahi izanez gero espazio horri beste erabilera bat eman ahal izateko.
Udalak azaldutakoaren arabera, estalpea jartzearekin batera hobekuntza batzuk ere egin dira gune horretan. Eskumako hormigoizko eustorma garbitu da, eta frontoia berriro margotu da. Horrekin batera, eta gunea erosoagoa izan dadin, banku luze batzuk jarri dira, aurretik ez baitzegoen eserlekurik; “modu horretan, jolaserako bakarrik ez, elkarrekin egoteko gunea ere irabazten da”.
Aplibur enpresari esleitu zitzaion lana 271.777 (+BEZ) euroan. Eusko Jaurlaritzak emango duen diru-laguntza batekin kopuruaren % 60 ordainduko da.