Hilerriaren gaia lantzeko batzorde bat sortu da Udalean, udalbatzako hiru alderdietako ordezkariek eta udal teknikariek osatua. Eta, otsaileko bigarren astean egindako bilera batean, hilerriaren irekiera nola egin zehaztu dute batzordekideek.
Hori hala, jakinarazi dutenez, zabaldu aurretik hilerri berria ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, martxoaren lehen hamabostaldian egingo diren ate irekien jardunaldi eta bisita gidatuen bitartez. Hilabete hasieran, hilerriari buruzko informazioa biltzen duen argitalpena ere jasoko dute herritarrek etxean, eta haien iritzia eman dezaten bidea ere zabalduko da. Argitalpen horretan bertan emango dira zehaztasunak.
Udalak azaldu du Amillagako hilerri zaharretik Artzabalgo hilerri berrirako lekualdatzearen inguruan lanean diharduela aipatu batzordeak, hura arduratuko baita lekualdatze-prozesuaz. Eta gaineratu du etxeetara banatuko den argitalpenean emango direla lekualdatzearen araudiaren eta irizpideen inguruko zehaztasunak ere.
Herritarren artean zalantza eta jakin-min handia sortu duen gaia da hilerriarena. Amillagako hilerria ixtera zihoazela iragarri zuen Udalak iazko azaroan, hilerri berrirako lekualdatzeari (eta, hortaz, Amillagakoa husteko prozesuari) abenduan helduko ziotela azalduta. Oraindik ere zabalik dago, ordea, Amillagakoa.