Esku artean dituzten proiektu horien artean dago, hain zuzen ere, azken egunetan bideoklip formatuan kaleratu den Beldurra abesti berria. Iruñeko Sound of Sirens estudioan grabatu eta nahastu da kanta, Julen Urzaiz teknikariaren eskutik, eta Izaro Gallastegik grabatutako irudiekin osatu da bideoklipa (behekaldean ikusgai).
Lander Aznal abeslariaren esanetan, “abesti honekin buruko gaixotasunek zein egungo egoerak sortutako antsietate, estres eta depresioak ikusgarri bihurtu eta hauek gainditzeko indarrak eman nahi ditugu”. Musikalki, Brigade Loco ez da bere betiko soinuetatik gehiegi aldendu lan berri honetan, “punk-rock estiloaren baitan, ahots urratuek, baxu indartsu eta kitarra melodikoek gure soinuaren parte izaten jarraitzen baitute”.
Lan berriaz gain, taldea zuzeneko emanaldietara bueltatu da. Geldiunearen osteko lehena Gasteizko gaztetxean izan zen, otsailaren 4ean antolatutako “ANkerkeriari STOP” elkartasun jaialdian. Pasa den ostiralean, aldiz, Iruñeko Totem aretoan izan ziren, Crim, La inquisición eta Rotten XIII taldeekin batera. Aurrerantzean Euskal Herritik kanpo hainbat kontzertu emango dituztela ere iragarri berri dute. Besteak beste, bihar Madrilgo Shoko aretoan izango dira eta datozen hilabeteetan Hanburgo, Berlin, Tarragona eta Lleida bisitatzeko aukera izango dute.
Bestalde, Brigade Locon abeslari jarduteaz gain, Aznalek Odolkiak Ordainetan eta Screamers & Sinners taldeek elkarrekin atera berri duten LPko Sarraskia abestian ere kolaboratu du.