ELKARRIZKETA

Pilar Saenz tabernaria: “Jende askok sentitu du Maxi bere etxea dela, eta norbere herrian hori entzutea zoragarria da”

Berriketan 2022ko mar. 7a, 09:34

Maxi Bar-ek otsailean itxi du pertsiana behin betiko, ia 40 urteko ibilbidea egin ondoren. Erreferentziazko lekua izan da belaunaldi askorentzat, 60ko hamarkada hasieran Maxi Elizondok (Pilar eta Miren Saenzen amak) bertan gozotegia zabaldu zuenetik. Eta, dudarik gabe, lokalaren itxiera ez da oharkabean pasa herrian; tabernariak “zeharo hunkituta” daude azken asteotan bezeroen partetik jasotako omenaldi edota esker oneko keinuekin.Lokalaren historia eta berezitasunak, bizipenak… Pilirekin izan gara berriketan, pertsiana azkenekoz itxi aurretik.

Noiz zabaldu zenuten taberna?
1982ko uztailaren 15ean, Rolling Stones taldeak Madrilen eman zuen kontzertua baino astebete beranduago. Jose Alberto Urbietak, kamerinoa dekoratu zienak, dekoratuko palmeretako bat ekarri zuen tabernarako opari. Palmera hain zen handia ia espazio osoa hartzen zuen, eta ez zegoen beste ezerentzako lekurik, beraz, atera egin behar izan genuen. Hori kontatzen dut ordutik itxiera egunera arte, berak nahiz Susi Murielek eta, behin edo behin, baita Alberto Salegik ere, inauterietan, San Rokeetan edo gabonetan urtero dekoratu eta mozorrotu izan dutelako.

Lokalak historia luzeagoa du, ezta?
Ez dakit data zehatza, segur aski 60ko hamarkadaren hasieran, nire amak, Maxi Elizondok, lokala alokatu eta Elizondo gozotegia jarri zuenean bertan, lehendabizi txurro eta pastekin. Beranduago, izozki, pipa eta haur-komikien alboan, dibertimenduzko jokoak ipini zituen: petakoak, futbolinak, ping-pong eta billar-mahai bana. Eta horrez gain, disko-makina bat, ABBAren kantuetatik hasi eta American Pay-enetara zituenak. Jendeak establezimenduari Maxi deitzen zion eta ume, gazte eta helduak etortzen ziren. Hortaz, taberna ireki nuenean, Maxi Bar jartzea erabaki nuen eta Maxi izaten jarraitu zuen.

Ama lehenik; gero zeu. Bi belaunaldietan emakumea gidari negozioa aurrera eramaten. Zein harrera izan zenuten?
Oso ondo hartu gintuzten. Amak oso izaera ona zuen, jatorra, langilea… gizatasun handiko pertsona zen, eta maitagarria. Nik 20 urte nituen pertsiana jaso nuenean. Albertorekin ireki nuen, lehenengo bost urteetan egon zen bera, 24 urte zituen. Orain pentsatzen jarrita… ze gazteak ginen!

Lokalak hainbat funtzio izan ditu. Negozio familiarra izan da beti?
Egia esan, gozotegia amak jarri zuen eta berak hartzen zuen lanaren zatirik handiena bere gain. Nire aitak, Alfredok, bere lan propioa zuen, Telefonicako langile izan zen bizitza osoan zehar. Baina negozio hauetan gertatzen den moduan, era batera edo bestera, denok lagundu behar izaten genuen, bereziki aitak. “Sala de juegos” zenean ere egon zen Debako jendea lanean. Taberna, berriz, nire kontua izan zen.

Ia 40 urteko ibilbidea egin duzue tabernan. Erraz esaten da…
Denbora hegan joaten da, bizitza erdia da. Eta seguruenik taberna batean gehiago igartzen da, intentsitatearengatik esango nuke (ordutegiak, jendaurreko lana…).

Herritarren elkargune izan zarete, belaunaldiz belaunaldi.
Hala dela sinetsi nahi nuke. Barratik jende asko pasa da, gehienak debarrak edo herrian bizi zirenak; inguruko herrietakoak ere bai. Lehenengo egunetik egon den zerbitzari bat ere izan dugu, Txuri, eta orain jubilatu egingo da. Zerbitzarietako batzuek hemen sinatu zuten beren lehen kontratua eta gero beste lanbide batzuk aurkitu zituzten. Azken labealdiak Txuri eta Tutxo bezalako beteranoak Miren edo Jon bezalako gazteekin konbinatu ditu. Bezeroekin ere antzeko zerbait gertatzen da, duela 40 urte gehienok gazteak ginen, baina denbora pasatzearekin batera, hirurogei urtekoek eta hogeikoek bat egin dute bertan. Maxirako ez da adinik egon.

Herriko historiaren lekuko eta parte izan da Maxi Bar. Baina historia liburu ofizialetan jasotzen ez diren gertaera, anekdota eta sekretu edo konfesio ugari eramango dituzue zuek gordeta…!
Ke ba! Istorio gehienak ezagunak dira eta bezeroek oso ondo ezagutzen dituzte. Gardenak gara, gertatzen dena da bakoitzak bere bizipen propioak bizi izan dituela eta seguruenik horietako batzuek tabernarekin izango dute zerikusia, une hobeekin edo okerragoekin, bizitzan gertatzen den bezalaxe. Tabernak topalekuak dira, ondo pasatzeko eta sozializatzeko tokiak, baina baita garagardo batekin freskatu, norbere penak kontatu, musika entzun, prentsa irakurri, dantza egin edo une bat partekatzeko lekuak ere. Hori bai, denek diote festetan igarriko dela Maxiren falta.

Zein izan da garai zailenetan ere taberna zabalik mantentzeko gakoa?
Jendearen konstantzia eta fideltasuna, nahiz eta une zailak ere izan diren. Neguak luzeak dira Deban, jende gutxi dago, eta uda sasoian ateratakoarekin biziraun beharra dago alokairuaren errenta, autonomoak, kontratuak, soldatak, egileen sozietatearen baimenak… ordaindu ahal izateko. 2008ko krisiak edo egungo pandemiak oso gogor kolpatu dute ostalaritza eta gu ez gara salbuespen izan, baina mundua dagoen bezala egonda ez dut negarrik egin nahi; hori da dagoena eta kitto.

Musika, futbolina, kirol partiden emankizunak telebistan…
Bai, musika beti izan da konstante bat. Lokalean etengabe jarrita izateaz gain, talde askok jo izan dute: A Santo de qué-k edo Josu Salegik (Musikeneko beste kide batzuekin) gozamena diren jam session-ak eginez; edo Retrallica eta Marlon Blandok. Eta beste euskal musikari batzuk ere izan dira: Gari, The Grace of Dionysus, Lukiek, Joseba B. Lenoir… Futbolinari dagokionez, ondo zetorren lokalarekin (garai zaharrei keinu bat), eta telebista kirola elkarrekin ikusteko zen batez ere, bereziki futbola, txirrindularitza eta pilota. Realaren garaipenak taldean gehiago gozatzen dira, eta porrotak hobeto eramaten.

Herriko hainbat elkarteren ekintzetarako eszenatoki ere izan da, ezta?
Batzuetan, Goaz Antzerki Taldeak Antzerki Asteko obraren bat bertan emateko programatzen zuen, luxu hutsa. Monologoren bat edo beste, Udalak antolatzen zituen animaziozko film laburrak ere bai… Zineman leku txikia izan du, baina izan, izan du: orain dela urte dezente film labur baterako eszena batzuk filmatu ziren.

Bezeroak etxean bezala sentiarazi dituzue. Horren adibide da urtarrilean jasotako esker oneko agurra eta omenaldi xume bezain ederra. Pozik?
Super pozik! Zeharo hunkigarria izan da eta, gure ustez, apala baino, sekulakoa izan da. Ez dago gure esker ona erakusteko hitzik. Pankartak zioen esaldiarekin bakarrik pozik egongo ginatekeen: “Eskerrik asko Maxi, betirako gure etxea”. Jende askok sentitu du bere etxea dela, eta zure herrian hori entzutea zoragarria da. Dena: aurreskutik hasi eta Debako Martxa jo zuen bandara arte; jendea saltoka ari zela, batzuk tabernako logodun kamiseta soinean. Gure aurpegiekin karetak ere egin zituzten, eta etengabe eskerrak eman eta esaten ziguten tabernaren falta izugarri sumatuko dutela. Egundoko agurra, negarrik ez egiteko moduan… Zirraragarri eta ahaztezina.

Zer sentsaziorekin jaitsiko duzue pertsiana azkenekoz?
Pena eta arintzearen arteko nahasketa da. Erabakia ez zen gurea, eraikina eraitsi behar dutelako desagertzen da taberna, baina momentua iritsi da eta aurrera begiratu beharra dago. Kalean, jendea animo ugari ari zaigu ematen.

Atzera begira jarrita, zer kendu dizue Maxik? Eta zer eman?
Uff, agian, osasuna kendu digu. Jatekoa emateaz gain lagun asko ere eman dizkigu, poz mordoa, baina baita disgustuak ere. Denetarik izan behar da…

Merezitako atsedenaldia datorkizue orain. Zer eskatzen diozue etorkizunari?
Lasaitasuna. Momentuz dena desmuntatzen ari gara. Oroigarriren bat nahi zuten bezeroei edo aprobetxatuko zituztenei banatu dizkiegu gauza batzuk, eta beste batzuk geuk gorde ditugu. Baten bat hor ibili zen azulejoak eraman nahi zituela tematuta; horrek zerbait esan nahi du!

Zuenak dira azken lerroak. Esan nahi duzuena esateko “barra librea” duzue…
Topa egin beharko dugu, irudimenean bada ere, hori da-eta barra libreetan egiten dena. Topa dauden denengatik eta egon ez arren Maxi beren sentitu izan dutenengatik. Haiek denek lortu dute Maxi izan dena izatea. Mila esker denagatik, eta ikusiko dugu elkar, hor zehar.

 

Argazkiak: Martin Lores