ELKARRIZKETA

Neomak taldeak “Ilargi berriak” lehen abestia aurkeztu du, baita bideoklipa ere

Berriketan 2022ko mar. 10a, 09:28

Neomak-en lehenbiziko diskoak ez du oraindik argia ikusi, baina Ilargi berriak (Airaka, Mauka Musikagintza) kanta aurreratu dute dagoeneko, baita bere bideoklipa ere. Horixe da, hain zuzen ere, “Neomak” grekerazko hitzak esan nahi duena: ilargi berriak. Modu berean aurkezten du taldeak ere bere burua: “Ilargi berriak aurkeztera gatozen zazpi emakume gara”.

Lehenengoz 2014an Kepa Junkerarekin han eta hemengo oholtza gainetan ezagutu genituen Sorginak, orduko laguntasunak batuta, Neomak izenpean proiektu berriarekin dabiltza azken urtebetean. Nahiko gaztetxotan hasita, trikiti-txapelketen bitartez, aurkari nahiz bikote gisara egin zuten plazara salto taldeko kideek. Sorginak taldeak batu zituen laster, eta, gerora, ibilbide berriari ekin zioten emakumeek Neomak taldea sortuta.

Kontzertu arrakastatsuak ari dira eskaintzen taldea osatzen duten zazpi emakumeak gaur egun. Ahots indartsuak dira kantetan nagusi, trikitia, panderoa eta perkusioarekin batera.

Alaitz Eskudero Unanue (Deba), Irati Gutierrez Artetxe, Amets Ormaetxea Ezpeleta eta Leire Etxezarreta Learreta (Arrasate), Garazi Otaegi Lasarte (Asteasu), Eneritz Aulestia Mutiozabal (Zarautz) eta Maria Lasa Hilariok (Zizurkil) osatzen dute Neomak taldea eta, abesti propioez gain, trikiti tradizionaletik hartutako koplak moldatuta ere kantatzen dituzte.

Folk tradizioa euren eremura ekarrita
Tradiziotik datorren baina, aldi berean, eguneratutako kalejira baten erritmoan dator aurkeztu berri duten kanta hau eta, Alaitz Eskuderoren esanetan, “doinu eta estetika apurtzaileak ditu”. Elikatzen duen emaria, berriz, jatorrian aurkituko dugu: tradizioan, sorginetan, irrintzietan, kopletan…

Dosis Studio-n, Bilboko Errekalde auzoan, grabatu dute Neomak-en lehenengo entrega honen bideoklipa. Sorgin-akelarreen giroa, dantza, euskal tradizioa eta abar biltzen ditu, eta estilismo oso zaindua dakar, jantzietan eta eszenifikazioan.

Eskuderok adierazitakoaren arabera, “lantalde profesional ezin hobea” aritu da lanean bideokliperako. Airaka, Mauka Musikagintza ibili da produkzio lanetan; Haritz Harreguy Studio audioaren grabazioan eta produkzio-lanetan; Victor García (Ultramarinos Mastering) masterizazioan; Bideolan Proyectos Audiovisuales bideoaren grabazioan eta edizioan; Maite Albes estilismoan; Amaia Albes jantzien diseinuan; Arima Ile-apaindegia orrazkeretan eta Nua Estetika Zentroa makillajean.

Udaberriarekin loratuko da diskoa
Neomak taldearen lehendabiziko kanta dagoeneko kalean den arren, berau hartuko duen diskoak ez du udaberrira arte argirik ikusiko. “Mimoarekin eta denborarekin egiten den lanak emaitza hobea ematen duelako. Sortze prozesuak eta diskoaren grabaketak lan handia du atzetik”, argitu digu Eskuderok.

Bien bitartean, baina, Ilargi berriak abestiaren bideoklipa ikusgai dago YouTube-n (dagoeneko 55.000 ikustaldi baino gehiago izan ditu), eta Spotify plataforman entzungai abestia bera.

 

Alaitz Eskudero Unanue

“Kantaren izenburuak ezin hobeto azaltzen du nondik gatozen, etena eta nora goazen”

2014an elkartu zineten zazpiok Kepa Junkeraren proiektu baten bueltan Sorginak modura. Zerk bultzatu zaituzte orain proiektu berri honetan murgiltzera?
Kasualitatean baino kausalitatean sinesten dut nik. 2014an Kepak berak elkartu gintuen zazpiok bere proiektuan parte hartzeko. Etenaldiaren ondoren, VII. Nafarroako Trikitixa Jaialdian parte hartzeko gonbita egin ziguten 2021eko urtarrilean. Hala hasi ginen noizean behin entseguak egiteko elkartzen eta kanta berriak sortzen. Jaialdiko kartela osatzeko izen bat behar zuten eta orduantxe erabaki genuen Neomak izena. Jaialdiaren harira, hainbat herritatik hasi ginen kontzertuak emateko eskaintzak jasotzen. Oholtza haietan sentimenduak berpiztu ziren eta proiektu berria jarri zen martxan.

Zer oroitzapen duzu Junkerarekin batera egin zenuten bide hartaz?
Zazpion izenean esan dezaket esperientzia profesionalaz gain oso esperientzia pertsonal potentea izan zela Kepa Junkera eta Sorginak proiektua. 14-16 urterekin intentsitate handiz bizi da dena eta hainbat urtez elkarren eskutik hazi eta hezi gara. Trikitia eta panderoaren aitzakian, musikari eta pertsona garrantzitsu asko ezagutu ditugu, baita munduko txokoak ere.

“Neomak” hitzak “ilargi berriak” esan nahi du, kanta ere Ilargi berriak duzue; zer dakarkigu, bada, hain berezia ilargi berriak? Zer sinbolizatzen du?
Taldekideok berberak izanik ere, argi genuen aurreko proiektua (Sorginak) eta proiektu berria izenaren bitartez ere ezberdindu nahi genituela. Baina polita iruditu zitzaigun izan ginenaren eta gaur garenaren arteko trantsizio hori nolabait adieraztea. Hala, mitologiaren hariari tiraka, izenaren bidez errepresentatu dugu aldaketa hori. Hortik Neomak, “ilargi berriak” esan nahi du grekeraz.
Berriz elkartzearekin batera sortu genuen lehenengo kanta izan zen atera berri duguna, eta gure aurkezpen-kanta delako jarri diogu Ilargi berriak izena. Ezin hobeto azaltzen du nondik gatozen, etena eta nora goazen. Behin eta berriz aipatzen dugu: “Ilargi berriak, lagun zaharren ondoan”.

Indartsu dator lehendabiziko kanta hau, eta badu tradiziotik asko; tradiziotik edan duzue gaztetxotan. Baina oraingo emakumeak zaretenez, oraingotik ere izango du, ezta?
Oinarrian, gure sustraiak tradizioan errotuta daude. Gure aurrekoetatik edan dugu. Hala ere, gizartea aldatzen doan heinean, musikaren ikuspegia eta sortzeko era aldatzea modu naturalean gertatzen da. Pixkanaka, zenbait estilotan ari dira loratzen trikitia eta panderoa, eta baita folk musika ere. Eta loratze horri esker iraungo du denboran.
Errespetu eta mirespen osoz, tradizionalak diren instrumentuekin esperimentatuko dugu. Beste musika estilo batzuen zertzeladak izango dituzte gure doinuek, eta letra aldarrikatzaileak. Estetikari dagokionez, berriz, gure estetika apurtzailea dela esango nuke.