Oihane Hernandez debarrak eta Izaro Sarasua eta Naike Oiartzabal azpeitiarrek osatu zuten Oñatz tenis klubeko taldea. Banakakoetan, Izaro Sarasua Jolasetako Daniela Del Camporen aurka nagusitu zen, 6-0 eta 6-1. Naike Oiartzabal ere nagusi izan zen Ines Casaresen aurka, eta 6-0 eta 6-0 gailendu zen markagailuan. Oihane Hernandezek, ordea, ezin izan zuen bere partida irabazi, eta 2-6 eta 1-6 galdu zuen Irene Cortijoren aurka.
Binakako partidan, Sarasuak eta Oiartzabalek osatutako bikoteak puntu erabakiorra lortu zuen Del Camporen eta Casaresen aurka 6-4 eta 6-1 irabazita.
Emaitza horiekin, Oñatz tenis kluba Euskadiko Taldekako Txapelketaren finalaurrekora sailkatu da. Oñatzeko neskek Pinter tenis klubaren aurka jokatuko dute kanporaketa asteburu honetan.
Hamar urte ditu Oihane Hernandezek eta Debako Luaran tenis klubean hiru urte daramatza.
Luaran tenis kluba bost urtez Deban
Badira bost urte Luaran tenis kluba Deban ere tenis-eskolak ematen hasi zela. Era horretan, egun, Deba, Markina-Xemein eta Mutrikuko 120 ikaslek osatzen dute kluba eta horietatik 70 dira debarrak.
Debako eskolari dagokionez, bost urtetik gorako ikasleak hartzen ditu eskolak, eta astean saio bat egin ohi dute. Urtean zehar, berriz, bospasei ekitaldi edo topaketa ere egiten dituzte Deba, Mutriku eta Markina-Xemeinen, tenis-ikasleek elkar ezagutzeko helburuz.
Ikasle hauek, nahi izanez gero, federatu eta lehiatzeko aukera ere badute, baina gai horri lotuta arazo batekin egin zuten topo herrian; izan ere, Debako kiroldegiak ez zituen horretarako beharrezko baldintzak betetzen, gutxienez bi pista behar izaten direlako. Hori horrela, federatu eta lehiatu ahal izateko Oñatz tenis klubean ematen dute izena Debako tenis-ikasleek.