Korrika kulturaleko egitaraua martxoaren 24an abiatuko da, Zuhatza Euskara Elkarteak antolatutako Errigorako produktuen dastaketarekin, eta martxoaren 25ean KulturEkin egitasmoaren baitan antolatutako Esti eta Mikel Markezen kontzertuarekin emango zaio jarraipena programazioari.
Martxoaren 26an (larunbata), 12:00etatik 14:30era bitartean Korrikako materiala saltzeko postua jarriko da Plaza Zaharrean. Bertan, petoak erosteko eta egitarauaren inguruko informazioa jasotzeko aukera ere egongo da. Egun berean, 16:30ean, Errota Zarren Erronka: Euskararen aldeko gola egingo da, eta gauean Aitor Sarriegi eta Iñaki Apalategiren bertsoez gozatzeko aukera izango da Arrano Elkarteak antolatutako bertso-afarian. Afarirako sarrerak salgai daude Arkatzan eta Zalburdin (lekua baldin badago azken orduan ere eman ahal izango da izena, 688 840 308 telefonoan).
Igande goizean, hilaren 27an, pala txapelketa mistoa antolatu dute Iruleek, Aldats pilotalekuan. Ondoren, 13:30ean, Aitzuri Abesbatzaren kalejira izango da.
Azken kilometroak salgai
Oraindik ere salgai daude ibilbidean zehar lekukoa eramateko azken kilometroak. Kilometroa 450 euroan lor daiteke, baina zatika erosteko aukera ere egongo da.
Bestalde, aurreko edizioetan bezalaxe, kilometroa erosi ordez bestelako laguntza emateko prest dauden talde, norbanako edo enpresek Korrikari eta AEK-ri ekarpenak egiteko aukera izango dute oraingoan ere. Datozen egunetan, honen guztiaren inguruko informazioa azaltzen duten gutunak banatuko dira herriko saltoki eta tabernetan.
Lekukoa hartu edo ekarpen ekonomikoa egin nahi duten erakunde, elkarte, enpresa edo herritarrak
Debako Korrika Batzordearekin jarri beharko dira zuzenean harremanetan, horretarako deba@korrika.eus helbidera idatzita edo 688 840 308 telefonora deituta (martxoaren 29a baino lehen).
Lekukoarekin korrika egiteko norberari dagokion tartea zein izango den jakiteko, zozketa egingo da martxoaren 30ean (asteazkena), 18:00etan, Korrika Batzordeak Kultur Elkartean egingo duen bileran bertan.