ELKARRIZKETA

Esti eta Mikel Markez: “Beti berrasmatu behar duzu zeure burua, nolabait azal berritu; hortik diskoaren izenburua”

Berriketan 2022ko mar. 25a, 10:00

Badira urte mordotxoa Mikel Markez herrian izan genuela; ia 25, eta berak ondo gogoan du. 90eko hamarkadan Eta etorri egin zait lehen diskoarekin arrakasta itzela izan ostean, beste hamaika disko argitaratu ditu Markezek, baita kolaborazio ugari egin ere. Hala ere, azkenaldi honetan, bere izena alabarenarekin batera ikusi dugu sarri, izan ere, Azal Berritzen diskoa atera zuten 2020an elkarrekin, eta ordutik hara eta hona ibili dira kontzertuak ematen, eta, esan digutenez, oso gustura ibili ere, hain konpainia berezian. Gaur, iluntzeko 20:00etan, izango dugu guk ere beraien musikarekin gozatzeko aukera, Kultur Elkartean.

Aurrera Altsasu kantarekin ezagutu zintuztegun askok elkarrekin; Facebook-en partekatu eta arrakasta itzela lortu zuen. Gero etorri zen diskoa. Nola sortu zen elkarrekin aritzeko ideia?
Esti Markez: Txikitatik entzun izan dut musika etxean, baita aitarekin kantatu ere, edozein lekutan. 2020ko itxialdira arte ez nuen abestirik sortzeko gogo edo beharrik izan. Gitarra hartu eta abestiak sortzen hasi nintzen eta egindakoa aitari bidaltzen. Berak proposatu zidan bost abesti eginda, berak beste bost egin eta elkarrekin diskoa ateratzea.

Mikel Markez: Aurrera Altsasu-z diozuna egia da; gauzak nola diren… batzuetan mobil txar batekin egindako grabaketa xume batek hilabetetako estudioko lanak baino arrakasta handiagoa izaten du; kar, kar, kar. Hor ikusi genuen lehendabizi jendeari gustatzen zitzaiola kantatzen genuena.

2020aren amaieran kaleratu zenuten Azal Berritzen diskoa. Zuentzat behintzat emankorra izan zen urtea…
E.M.: Itxialdiak sormenerako denbora eman zigun eta behin kantak osatuta diskoa kaleratzeko pausoa eman genuen. Ondoren etorri ziren kontzertuak.

M.M.: Egia esan ni Biribilean diskotik nentorren, nire zenbait kanturen laburpen disko bat zen zeinetan Estik ere parte hartzen zuen. Hori 2019aren amaieran izan zen eta ia ez nuen kantaldirik egiteko aukerarik izan. Beraz, 2020-2021ak aurreko urteko uzta jasotzeko aukera eman dit.

Zein azal berritzeko aukera eman dizue lanak? Edo behar bati erantzuteko saiakera izan da, akaso?
M.M.: Diskoaren izenburuak horixe bera azaldu nahi du: egoerak aldatzen direla eta beti egon behar dugula aldatzeko prest, beti ez baitira garai onak izaten musikariontzat. Halere, beti sentitu izan dut hori behintzat arnas luzeko bizitzeko modu bat bezala. Beti berrasmatu behar duzu zeure burua, nolabait azal berritu.

Zer moduzko esperientzia ari da izaten oholtza gainean elkarrekin aritzea?
E.M.: Esperientzia ederra ari da izaten aitarekin musika elkarbanatzea eta asko ikasi dut bere ondoan; harreman ona daukagu eta horrek asko laguntzen du.

M.M.: Egia da hori! Elkarrekin ongi konpontzea ezinbestekoa da proiektu bat erdibana aurrera eramateko. Jende askorekin konpartitu dut eszenatokia, belaunaldi eta estilo desberdineko kantari eta musikariekin, bertsolariekin, idazleekin… Baina benetan da berezia alabarekin kantatzea!

90eko hamarkadan sonatuak ziren zure diskoak, Mikel. Zure begiek… Gaurko Mikelek zer du hartatik?
M.M.: Burua urdindu zait, kilo gehiago ditut… Baina kantari edo kantuak sortzen hasiberri hura bezala sentitzen naiz. Nire bizitza nahiko desordenatua da, nolabait unibertsitatean nengoenean bezala bizi naiz oraindik, kar, kar, kar

Deban lehenago ere egona zara, Mikel, Tribuaren hitz galduak ikuskizunaz, Pako Aristirekin batera.
M.M.: Ederki oroitzen dut! Oso oroitzapen politak ditut. Ia 25 urte pasa dira eta nola aldatu den gizartea, musika… Garai hartan emanaldietan esaten genituenen erdiak egun esanda kartzelan geundeke. Badago hura bezalakoen beharra…

Aurrera begirako proiekturik bai elkarrekin?
E.M.: Azal Berritzen proiektuari amaiera emango diogu ekainean eta udazkenean bakarkako ibilbideari ekingo diot diskoa kaleratuz. Epe motzean ez daukagu aurreikusita elkarrekin jarraitzea, baina, nork daki, gerora aukeraren bat izango dugu, seguru.