Atzo abiatu zen errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina Gipuzkoako foru ogasunean, eta ekainaren 30era arte iraungo du. Hori hala, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainari heldu dio beste behin ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin eta foru ogasunekin elkarlanean, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskaraz izan daitezen bultzatzeko.
Izan ere, azken urteetan errenta euskaraz egiten duten herritarren kopuruak gora egin arren, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, izan daitezkeenetik oso urrun daude datuok oraindik. Deban, esaterako, 2020ko ekitaldian egin ziren 2.866 errenta aitorpenetatik 763 egin egin ziren euskaraz eta 2.103 beste hizkuntzetan.
Administrazioa euskalduntzeko bidean eredu izan nahi du UEMAk eta, bide horretan, garrantzitsua deritzo errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egiteari. Udalen eta hainbat erakunde publikoren arteko elkarlana ez ezik, herritarren babesa eta parte-hartzea ere ezinbestekoa da horretarako, eta hautu horretan eragin nahi du UEMAk aurten ere kanpaina honekin.