Erika Lagoma Pomarrek (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalarrek (Lesaka, 1975) feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu dute plazaratu berri duten lana, hamahiru lekukotasun jasoz, hamaika ama eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak… Askotarikoak dira esperientziak eta bizikizunak, ugariak iritziak eta desberdinak mundu-ikuskerak; guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak.
Tene Mujikaren emaitza da M ama* eme* ume*. Normalean, sari bakarra banatu ohi dute urteroko Tene Mujika sariketan, baina iaz bi beka banatu zituzten Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak. Helburua Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzea da. Beka horri esker, Lagomak eta Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa sorta bat landu dute, eta bigarren bekaren irabazle Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egiten dihardu (udazkenean aurkeztuko du bere liburua).
Antolatzaileen esanetan, “proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu ziren”, eta horregatik horien guztien artean saria bi lani ex aequo ematea erabaki zuen Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak. Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez, bikoizteko erabakia hartu zuen beste behin ere: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Irabazleek urtebeteko epea izan dute proposatutako lana burutzeko, eta aurten liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
Deban ez ezik, Donostian ere aurkeztuko da bihar (11:00etan) M ama* eme* ume* liburua. Debako agerraldian, idazleekin batera Elkarreko editore Xabier Mendiguren eta Debako udal ordezkariak ere izango dira.