Dislegiko (Gipuzkoako Dislexia Elkartea) sortzaileetako bat zara. Zerk eraman zintuen elkartea sortzera?
Dislexia duten bi seme ditut, eta haiekin izandako esperientziek bultzatuta, nire egoera berean zeuden beste guraso batzuekin jarri nintzen harremanetan. Nire esperientziak eta beraienak partekatzen hasi ginen, eta horrek eraman gintuen Gipuzkoako Dislexia Elkartea (Dislegi) sortzera. Ni Zeelanda Berrikoa naiz, baina 22 urte daramatzat Euskal Herrian, eta gaur egun Donostian bizi naiz. Hori dela eta, elkartearen egoitza nagusia Donostian daukagu, baina saiatzen gara Gipuzkoako eskualde guztietara iristen. Orain Elgoibarren sortu dute talde bat Debabarrenean dislexia duten pertsonei laguntzeko eta haien familiak hezteko, ikastetxeekin elkarlanean jarduteko eta azken batean, dislexia ezagutzera emateko. Gipuzkoan sortu den eskualde mailako lehen ordezkaritza da, baina espero dugu azkena ez izatea. Gu denok boluntarioak gara eta zaila egiten zaigu probintzia osora iristea, beraz, horrelako ordezkaritzak oso garrantzitsuak dira guretzat.
Talde horrekin elkarlanean, hain zuzen, dislexiari buruzko hitzaldia eman zenuen Elgoibarren. Zer da dislexia?
Hizkuntza prozesatzeko garunak daukan zailtasuna da, eta idazteko zein irakurtzeko gaitasunari eragiten dio. Etimologikoki hizkuntzaren zailtasuna esan nahi du, eta gaur egun, irakurtzean ager daitekeen arazotzat hartzen da, baina ez dauka arrazoi intelektual, kultural edota emozionalekin inongo erlaziorik. Ez zaio interes edo motibazio faltari lotu behar, ezta adimen urritasunari ere. Argi utzi nahi dut ikasketa prozesuari eragiten dion nahasmendua dela dislexia, baina ez dela gaixotasun bat.
Zerk eragiten du dislexia?
Genetikak zerikusia dauka, eta horregatik, elkartera etortzen zaizkigun kideei lehenengo galdetzen dieguna zera da: ea familian aurrekaririk baduten. Eta gehienetan egoten dira aurrekariak, baina askotan diagnostikatu gabeak. Askok esaten digute bere senideren batek ikasteko arazoak zituela, oso nota txarrak ateratzen zituela, baina oso azkarra zela. Argi utzi nahi dut dislexiak ez daukala adimenarekin zerikusirik. Dislexia duten ume asko oso argiak dira, bizkorrak eta irakaslearen galderak berehala erantzuten dituzten horietakoak, ahozko hizkuntza prozesatzeko arazorik ez dutelako. Irakurtzean eta idaztean agertzen dira arazoak. Normalean, dislexia duten pertsonei asko kostatzen zaie irakurtzen ikastea, ez dituzte kontzeptuak ondo prozesatzen, kaligrafia txarra izaten dute, ortografia arazoak… Kontzientzia fonologikoa apur bat murriztuta izaten dute pertsona hauek eta horrek sortzen ditu arazoak, baina bakoitzak bere zailtasunak ditu eta ez die denei modu berean eragiten. Batzuek azkarrago irakurtzen dute besteek baino, kontzeptuak hobeto barneratzen dituzte; beste batzuek azkar irakurtzen dute, baina ez dute ezer ulertzen…
Zein adinetan agertzen da?
Haurtzaroan agertu daitezke seinaleak. Esaterako, normalean, beranduago hasten dira hitz egiten, ez dituzte soinuak ondo ahoskatzen, eta silabak jan edo gehitzen dituzte hitzetan… Gauzak izendatzea ere kostatzen zaie, hau da, zerbait deskribatzerakoan hitz zuzena burmuinetik ahora eramatea kostatzen zaie. Gero irakurtzen eta idazten hasten direnean, seinale horiek areagotu egiten dira: motel irakurtzen dute, atzamarrarekin markatzen dute irakurri beharreko letra edo silaba bakoitza, irakurritakoa ez dute barneratzen… Egia da hitz egiten, idazten edo irakurtzen hasten direnean horrelakoak oso ohikoak direla edozein umerengan, baina horrek ez du esan nahi denek dislexia dutenik. Askotan seinale horiek normaltzat jotzen ditugu eta oharkabean pasatzen zaizkigu, normala delako irakurtzen, idazten edo hitz egiten ikasteko prozesuan zailtasunak agertzea; denek ez dute dena lehenengoan ikasten.
Zein da orduan dislexia detektatzeko modua?
Irakaslea izaten da normalean jabetzen lehenengoa. Ordu asko ematen dituzte eskolan eta irakasleak jakiten du hoberen ume bakoitzak zertan daukan zailtasuna. 5-6 urteren bueltan detektatu daiteke dislexia. Ikastetxeek test batzuk dituzte umeei probak egiteko, eta diagnostiko zehatza egiteko balio ez badute ere, dislexia izateko arriskuez ohartarazteko balio dute. Eskolaren papera oso garrantzitsua da dislexia detektatzeko.
Zuzentzen al da dislexia?
Landu egin daiteke, eta eskolaren, familiaren eta logopeda baten laguntzarekin esaterako, asko hobetzen da, baina dislexia ez da zuzentzen inoiz. Ikasi egiten da dislexiarekin bizitzen eta dislexiari izkin egiten. Trikimailuak ikasten dituzte dislexia dutenek eta horrela moldatzen dira ikasketa prozesuan, baina umetan dislexikoa dena, nagusitzean ere halaxe izango da. Baina lanketa zehatz batzuk eginez dislexikoek ere ikasten dute ondo irakurtzen, kontzeptuak barneratzen, idazten… Umetan umeak esponjak direla esaten dugu, eta horrek esan nahi du beren burmuinak gauza berriak ikasteko gaitasun handia duela. Baina burmuinaren malgutasun hori 10 urtetik aurrera gutxitzen joaten da; horregatik, garrantzitsua da dislexiaz ahalik eta azkarren jabetzea. Zenbat eta lehenago hasi lanketa horrekin, lehenago ikasiko du irakurtzen, eta horrek ikasketa prozesua erraztuko dio umeari. Eskoletan Berritzegunetik egiten zaizkie umeei probak, eta bestela, alor pribatutik ere egiten dira probak. Oso garrantzitsua da eskoletan dislexia zer den jakitea eta bere ezaugarriak ezagutzea, ondo bideratu ahal izateko. Familiak normalean ez du ulertzen bere seme edo alabak zergatik dituen hainbeste zailtasun ikasterako prozesuan eta eskolara jotzen du. Horregatik oinarrizkoa da eskolaren papera.
Zenbat jenderi eragiten dio dislexiak?
Azken ikerketen arabera, mundu mailako populazioaren %6-%15ari eragiten dio. Guk datua biribilduta ematen dugu, eta %10eko portzentajea erabiltzen dugu. Dislexia dutenek ahalegin handia egiten dute ikasteko, baina, hala ere, askotan emaitzak ez dira onak izaten eta horrek frustrazio handia eragiten die. Ahalik eta lasterren detektatzea inportantea da, zein egokitzapen behar dituzten jakiteko eta lanak horretara bideratzeko. Beraientzako material egokia prestatzeak asko laguntzen du: orri txuriak, letra beltza tamaina egokian…
DEBABARRENEKO DISLEXIA TALDEA MARTXAN
Gipuzkoako Dislexia Elkartetik sortu dute Debabarreneko Dislexia Elkartea, zenbait familiak zituzten beharrei erantzuteko: “Ikusita hemen inguruan ez zegoela inolako talde edo orientazio zerbitzurik Dislegiko ordezkariekin batu ginen gure beharrak azaltzeko, eta euren proiektua interesgarria iruditu zitzaigunez aukera polita ikusi genuen Debabarrenean taldea sortzeko”. Gurasoak dira taldearen sortzaileak, eta hainbat egoeren aurrean galduta ikusi dute euren burua, nora jo ez zekitela: “Egoera horretan dagoen jendeari laguntzea da gure helburua, hau da, dislexiari buruzko informazioa zabaltzea eta gure esperientziak partekatzea, horretarako beharra duen edonorekin”.
Dislexia ezagutzera ematea da euren oinarrizko funtzioa. Izan ere, nahasmendu honen inguruan oraindik ezjakintasun handia dagoela uste dute. Familiak prestatu nahi dituzte, eta ikastetxeekin elkarlanean aritzeko asmoa ere badute, elkarlanean dislexiari ahalik eta zabalkunde handiena emateko. Elkartetik azaldu duten moduan, dislexia duten pertsonek batez ere, ikasketa garaian topatzen dituzte traba eta zailtasun handienak, eta sarritan ez da ulertzen zergatik dituzten zailtasunak irakurtzean, idaztean… “Baina, hala ere, pertsona azkar eta langileak dira, beste ikuspuntu bat dutenak, erresilientzia handikoak… eta euren beharretara egokitutako laguntza txiki bat izanez gero, dir-dir egiten dutenak”. Hain zuzen ere, ikasketa prozesuan dauden gazte horien beharrak asetu nahi dituzte taldeko guraso hauek, gizarteak gazte horiek uler ditzan nahi dute, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dute informazioa zabaltzea. Era berean, gazte horientzako material egokia prestatzeko beharra ere ikusi dute.
Momentuz Elgoibarko kideak daude taldean bakarrik, eta beraien lan esparrua ere Elgoibar izango da nagusiki, baina bailarako gainerako herrientzat ere zabalik dituzte ateak, eta beharra duen edonori laguntzeko prestutasuna erakutsi dute. Beraiekin harremanetan jartzeko dislegidebabarrena@ni.eus helbidera idatzi daiteke.
AINHOA ANDONEGI (DKT)