Mankomunitatea egiten ari den bisiten helburua da enpresek dituzten zerbitzuak baloratzea eta gaikako bilketa hobetzeko dituzten beharrak identifikatzea, batez ere hondakin organikoei dagokienean, papera eta ontzi arinak jasotzeko kudeatzaile propioak izaten baitituzte, oro har.
Azken egunotan Iosu Arraiz Mankomunitateko presidentea bera izan da bisitetako batzuk egiten, Vermican enpresako ingurumen-hezitzailearekin batera, besteak beste, Teknikerren eta Idekon. “Debabarrena eskualdean enpresa sare garrantzitsua daukagu, eta gehienak jasangarritasunaren aldeko urratsak egiten ari dira azken urteetan. Mankomunitatetik lanean dihardugu gizarteko kolektibo guztiengan birziklapen ohitura egokiak sustatzen”, gogorarazi du Arraizek.
Bigarrena, ekainean
Mankomunitatetik esandakoaren arabera, lehen bisita horiek harrera ona izaten ari dira, hondakinen arduradunek interesa erakusten baitute gaikako bilketa hobetzeko eman ditzaketen pausuetan.
Ekainean, berriz, bigarren bisita egingo dute eta lehen bisitan adostutako baliabideak emango dizkie hala eskatu dutenei, organikoa jasotzeko edukiontzi berriak, tamaina jakin bateko edukiontzi marroiak eta beste.