“Gaur egun, itsasoan, eta gure kasuan Deban, euskal balea biziko balitz, plastikoa jango luke”, nabarmendu du Udalak Ur (h)ondoa garden ekimenaren berri ematerakoan, eta jakinarazi du itsasoan, ibaian (itsasadarrean) eta hondartzan egingo direla hondakinen inguruko sentsibilizazio lanak datozen egun eta asteotan.
“Nahiz eta ez ikusi, jakin badakigu itsasoan hondakinak pilatzen direla, batez ere plastikozko ontziak. Eta itsasaldiek hauetako batzuk lehorrera, hondartzetara, itsaslabarretara bueltatzen dituzte. Ibaietan ere gauza bera gertatzen da, eta ibaiertzetako zuhaitzen adarretan pilatzen diren plastikoak ikusten ditugu bakarrik, baina ez gara jabetzen zenbat hondakin pilatzen den ubide osoan; aurreko urteetan egindako Ibailagun jardueretan ohikoa izan da, adibidez, ibilgailuen gurpilak, zapatak, beirazko botilak… biltzea. Hondartzan, itsasoak ekartzen dituen hondakinez gain, hondartzako erabiltzaileek zuzenean hondarrean utzitako hondakinak ere pilatzen dira, organikoak, errefusa edota plastikoa, baina batez ere plastikoa. Eta gaur egun, zoritxarrez, hondartzako denboraldian, eguna amaitzerakoan, hainbat hondakin sakabanatuta ikus daitezke hondarrean”, gogorarazi du.
Hori guztia kontuan hartuta prestatu du, hain zuzen ere, Debako Udaleko Ingurumen Sailak udarako sentsibilizazio kanpaina. Egitasmoaren adierazle da, esaterako, hondartzako pasealekuan (Ondargain parean) ikusgai dagoen eskultura berria; Willy Berasaluze artista debarrak sortutako eskultura hutsa da, balearen forma duena. Udan ur-eremuetan jasotzen diren plastikoak bildu nahi dira bertan eta, uda amaitzean, bertan jasotakoak birziklatzera eramango direla azaldu dute Udaletik.
Askotariko jarduerak
Gaur bertan (maiatzaren 30ean), herriko Luzaroko ikasleek garbiketa-lanak egingo dituzte hondartzan (atzo Geoparkeak antolatutako itsaslabarren garbiketa egin zen auzolanean). Ekainaren 3tik 19ra bitartean, Real Sociedad Fundazioak antolatuta, ur azpiko argazkien erakusketa jarriko da ikusgai udaletxeko pleno aretoan. Eta, ekainaren 9, 10 eta 11n Cimasub Debako Itsaszinemaren Nazioarteko 23. Zikloa egingo da (emanaldiak Kultur Elkartean izango dira, 19:00etan).
Bestalde, ekainaren 18an, ur azpiko plastikoen bilketa egingo da itsasontzian (urpekarien laguntzarekin). Uztailaren 1ean, berriz, alde ludiko-artistikotik helduko zaio gaiari, eta ikuskizuna egingo da (gaur-gaurkoz ez da zehaztasun gehiago eman horren inguruan). Eta, Udalak aurreratu duenez, itsasadarra garbitzeko deialdia egitea eta bestelako bisita gidatuak antolatzea ere aurreikusten dute.
Udalarekin batera, egitasmoan herriko eragile ezberdinek hartuko dute parte. Horien artean daude, besteak beste, honako hauek: Amilaitz, Zurrunbilo, Kultur Elkartea, Debanatura, Debakayak, Gaztelekua, Yako surf Eskola, Ipar surf & skate Eskola, Luzaro Eskola, Euskal Kostaldeko Geoparkea, Real Sociedadeko urpekariak, Itziarko Auzo Udala eta udalbatzako hiru alderdiak.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza izango du ekimenak.