ELKARRIZKETA

Emili Sukia erraldoien taldeko kidea: “Eskerrak eman nahi dizkiegu jarraitzaile eta ikusleei, taldean sartu berriei, beteranoei eta musikariei; denengatik gaude hemen”

Berriketan 2022ko mai. 30a, 13:07

Erreleboa aurkitzeko zituzten zailtasunen berri lehendik ere iritsia zitzaigun belarrietara, baina 2019ko irailean jakin genuen ofizialki Erraldoien Konpartsak bere jarduera bertan behera lagatzen zuela. Dena den, hiru urte bete aurretik itzuli da berriz ere erraldoien taldea Debarren Egunean, lehengo kideen esperientziaz eta gazte berrien ilusioaz jantzita, gainera, oraingoan. Emili Sukia taldekidearekin aritu gara Berriketan itzuleraren aitzakian.

2019ko apirilean Herrikoak Berriketan atalean erraldoien taldeko kideek ohartarazi zuten errelebo-falta sumatzen zutela. Gazteak lortzea zail ikusten zuten antza…

Bai, hala da. Urteak egon gara errelebo faltan. Jendea ez zen animatzen. Hala ere, gure beteranoek luzaro eutsi zioten erraldoiak dantzan jartzeari.

2019ko irailaren 28an, Euskal Jaian izan zen, azkenean, erraldoien agur hunkigarria. Nola oroitzen duzue?

Nik ez nuen parte hartu, haurra sortu berria nuelako, baina ikusle gisa oso hunkigarria izan zen, bai. Jende mordoa hurbildu zen ikuskizunera eta oso polita izan zen. Gainera, bandarekin dantzatzea dotoreagoa da eta emozioa handiagotzen du, nire kasuan behintzat.

Orain dela gutxi, Udalak iragarri zigun Erraldoien Konpartsa “indarberrituta” itzuliko zela Debarren Egunean. Nolakoa izan da itzulera?

Itzulerak ederrak izaten dira beti. Kasu honetan ere hala izan da. Gazte batzuk animatu dira, bai, eta gure erraldoiak dantzan jartzeko desiratzen egon gara azken asteotan. Eta hain gazte ez garenok ere gogotsu hartu dugu itzulera.

Oraingo taldean denok ez zarete kide berriak, ezta?

Ez, batzuk berriak dira eta beste batzuk lehendik aritutakoak gara.

Erraza al da erraldoi bat dantzatzea? Nola prestatzen zarete horretarako?

Erraza da, bai. Hasieran pixka bat kostatzen bada ere, orekari puntua hartu eta musikari jarraitzea besterik ez da. Pausoak, berez, ez dira zailak. Elkarrekin geratzen gara dantzak entsegatzeko eta ikasteko.

Solfeo edo dantza klaseak hartu ez dituztenak edo erritmo-arazoak dituztenak ere egongo ziren taldean…

Bai, suposatzen dut egon izan direla, baina ez dut uste hori beharrezkoa denik erraldoiak ongi dantzatzeko. Beti dago norbait arritmiko samarra dena, baina hanketara begiratu ordez, erraldoiari begiratu eta kitto, ez da nabaritzen. Kar kar kar… Entseguei esker denok ikasten dugu nahiko polit dantzatzen.

Hurrengo lerroak zuenak dira.

Eskerrak eman nahiko nituzke azken lerro hauetan. Batetik, urte hauetan guztietan izan ditugun jarraitzaile eta ikusle guztiei. Bestetik, taldean sartu berri direnei eta bertan jarraitzen dutenei. Hau da, gure erraldoiak berriz herriko kaleetan dantzan jarriko dituzten guztiei, zuek gabe ezingo baikenuke jarraitu. Baita beteranoei ere (Edurne eta Iñi, Joseba eta Anaje, Natxo eta Patri, Kauldi eta Mireni, Itzi eta Willy, Jone, Iñaki eta M. Karmen…), beraiek erakutsi zidatelako erregina dantzatzen eta horrekin disfrutatzen. Beraiekin egindako irteeretan pila bat disfrutatu nuelako, beraien taldean ongi baino hobeto onartu nindutelako eta, nahiz eta nekatuta egon, beti egon direlako prest gure erraldoiak dantzan jartzeko. Mila esker hainbeste urtetan egindako lanagatik eta hainbeste haurren ilusioak bizirik mantentzeagatik.

Eta azkenik, jakina, eskerrik asko musikariei, beraien doinurik gabe ezin elegante dantzatu!