Ostatu-emailearen funtzioa, elkartean funtsezkoa den pertsonarena, erromesei harrera egitea izan ohi da; beren uneko egoera fisikoaz arduratzea, aterpetxearen inguruko gorabeherez informatzea, Debako edota bideko informazioa eskuratzea, eta erromesak egindako beste edozein eskaerari erantzuna ematea.
Horretarako, ostatu-emaileak hilabetean hiruzpalau arratsalde ematen ditu aterpetxean. Eta bere zereginak betetzeko, gainerako erromesen laguntzaz gain, Informazio eta Turismo bulegoko langilearena ere izaten du, hori baita erromesak lehenengoz hartzen dituena eta aterpetxean gaua pasatzeko dagokien plaza izendatzen diena. Langile horren papera ere oso garrantzitsua da, beraz.
Debako erromesen aterpetxea 2000. urtetik dago funtzionamenduan, eta 2014tik dago egungo lekuan kokatuta. 56 plaza ditu, nahiz eta gaur egun erdiak soilik dauden erabilgarri, pandemiaren ondorioz. Pandemiaren aurretik, 2019an, 10.000 erromesek baino gehiagok pasa zuten gaua bertan. Hortaz, alderdi ekonomikotik begiratuz, eta erromes bakoitzak eguneko 30 euro xahutzen dituela kontuan hartuz, horrek esan nahi du 300.000 euro ekartzen dituela Debara aterpetxe hau izateak (kopuru garrantzitsua, inondik ere).
Jarduera hasi zutenetik harrera aterpetxean hartu dituzten erromesak, aurtengoak barne, 100.000 dira gutxi gorabehera. “Dena dela, kopuruak alde batera lagata, gure esperientziak erakutsi digu erromesari egiten zaion harrera, aterpetxearen kokagunea, herriaren erakargarritasuna, eta abar, Deba sustatzeko iruditegi ezin hobea izan direla”, adierazi digute aterpetxearen arduradunek.
2022ko apirilaren 25ean, bi urtez baino gehiagoz itxita egon ostean, aterpetxea ireki dute, betiere pandemia osteko mugekin (gaua pasa daitekeen egun kopurua erdira jaitsita, barnean distantziak mantenduta, eta abar). Eta esan liteke egunero betetzen dela aterpetxea erromesez, beraz, elkarteak ongi betetzen du bere funtzioa.
Aterpetxea berriz ireki zenean hartutako lehena erromes frantziar bat izan zen. Beheko irudian Onintza Régil ostatu-emailea hari harrera egiten.
Aterpetxearen eta jasotzen duten harreraren inguruan erromesek duten asebetetze maila oso altua da. Bisita-liburu bat daukate erromesen eskura, eta bertan agertzen da jasota haien iritzi edo inpresioa.
Bidelagun bila
Azkenik, aterpetxeko arduradunek adierazi dutenez, gaur egun ostatu-emaile beharrak ondo aseta dituzten arren elkarteko kideen artean, oso gustura hartuko lituzkete ostatu-emaile berri gehiago beren taldean. “Ez da ezagutza edo gaitasun berezirik behar; kolektiboa zerbitzatzeko interesa eta hiruzpalau arratsalde erdiko dedikazioa hilabetean, hori baino ez”, gehitu dute amaitzeko.