Ekainaren 3an eta 4an Debako udaletxeko arkupeetan izango den informazio-gunean, prozesuaren ondorioz sortu den Hirigintza Batzorde mistoak diru-laguntzetara aurkeztu duten proiektua azaldu eta herritarrek egindako ekarpenekin egiten ari den lanketaren berri emango du. Orain aurkeztuko den proiektuaz gain, Udalak herritarren partaidetzarekin jarraituko du lanean, beste erakunde batzuen (ETS, Espainiko Kostaldearen Ministeritza…) ardurapekoak diren guneetako aldaketak lantzen.
Partaidetza-prozesuan parte hartzen ari diren dinamizatzaileek lagunduta egingo dira saioak. Ekainaren 3an, ostirala, 17:00etatik 20:00eta eta ekainaren 4an, larunbata, 11:00etatik 15:00etara. Batzorde mistoak ekainaren 3an, 17:00etan egingo du bere aurkezpena.
2021ean abiatu zen prozesua, eta urte horretako uztailaren 15ean Zumardian egindako ekitaldi publikoan aurkeztu zitzaien herritarrei. Orduantxe abiatu ziren eragile eta udal langile eta ordezkari politikoekin bilerak.
Prozesuan zehar askotariko ekimenak egin dira (mahai-inguruak, tailerrak, ibilaldiak…), eta jasotako ekarpenak ere asko eta izaera desberdinekoak izan dira. Hirigintzari lotutako gaietan jaso dira bereziki ekarpenak, horregatik, hurrengo urratsa ere ildo horretan ari dira egiten.
Martxoaren 30ean, bildu zen lehen aldiz Hirigintzako Batzorde mistoa. Izan ere, jasotako ekarpenak aztertuta, ikusi dute 2007an egindako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra -HAPO- eguneratu beharra zegoela; eta lan horri ekin diote lehendabizi.