Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 23. edizioa izango da 'Ur (h)ondoa garden' ekimenaren baitan

Berriketan 2022ko eka. 3a, 09:00

Ekainaren 9, 10 eta 11n, 19:00etan, aurtengo ediziorako aurkeztu diren film labur eta dokumental onenak proiektatuko dira Kultur Elkartean.

Dena prest CIMASUBeko beste edizio handi batez gozatzeko. Pasioa, borondatea, talentua eta Itsasoarekiko maitasun amaigabea biltzeko berezko gaitasunagatik ospea bereganatu duen lehiaketa. Film laburren intentsitateak eragin handia du ikuslearengan, bai irudiengatik, zein transmititzen diguten mezuarengatik. Pantaila handian oso gutxitan ikus daitezkeen leku eta espezieen irudiak ikusteko aukera ematen duen erakusleiho da CIMASUB zikloa, izan ere, bideografo onenek ur azpian ematen dituzten ordu guztiei esker lortutako irudi paregabeak eskaintzen dizkigu. Horrekin batera, gizakiak itsasoarekiko duen jarrera desegoki eta krudela azaleratu, eta gaur egun onartzeko zailak diren egoerak erakusten ditu.

Proiekzioak

Beti bezala sarrera doakoa izango da edukiera bete arte (ez da aurrez gonbidapenik eskuratu behar). Ekainaren 9, 10 eta 11ko emanaldietan 27 film labur eta 3 dokumental eskainiko dira. Alde batetik,  iraganera  bidaia bat egingo dugu gure itsas hondoen gaur egungo egoera eta orain dela 50 urtekoa alderatzeko. Beste aldetik, Kantauri itsasorik basatiena eta Kanariar Uharteetako Mantelinen babeslekua ezagutuko ditugu. Eta gainera, Mediterraneoko hondorik ikusgarrienez gozatu eta Indonesiako uretan murgilduko gara.

Argazki erakusketa

Horrez gain, CIMASUBera aurkeztutako argazki onenen erakusketa ikusgai izango da udaletxeko osoko bilkuren aretoan gaurtik 19ra, egunero, 17:00etatik 20:00etara.

24 argazkiek munduko itsaspeko hondoetan zehar eramango dute bisitaria. Espezie bitxi eta deigarrienak erakutsiko dituzte, gutxitan ikusten diren egoeratan; “naturaren edertasuna eta gizakiak harekiko duen jarreraren krudeltasuna erakusketa berean”.

Itsaspeko Txikizikloa ikastetxeentzat

Ekainaren 9 eta 10ean, 10:00etan, Txikizikloa izango da Kultur Elkartean 10 eta 12 urte bitarteko haurrentzat (LH 5. eta 6. mailak). Lehiaketako zutabe garrantzitsua da haurrentzako Itsaspeko Txikizikloa. Antolatzaileen helburua da “umeek jasoko duten erronkari heltzeko sentsibilizazio aldaketaren eragile indartsu bihurtzea. Itsaspeko mundu liluragarri eta zoragarria ezagutu ahal izango dute horretarako”.

Aldez aurretik, material didaktikoa eman zaie parte hartuko duten ikastetxeei, ekitaldiaren aurretik beraien klaseetan landu ahal izan dezaten. Txikizikloaren heburua da haurrak ingurumenaren egoeraz jabetzea, kontsumo osasungarri eta arduratsuko jarrerak garatzea, eta ingurune hurbila errespetatu eta zaintzea, gero haren kudeaketan arduraz parte hartu ahal izateko.

Proiekzioak eta hitzaldia

Itsaspeko Txikizikloaren helburu orokorra itsaso eta ingurumenarekiko errespetuan heztea da. Horretarako, ordubeteko saio batean, itsasoaren egungo egoera eta hura babesteko jokamoldeak azaltzen dituen film laburrak proiektatuko dira. Horrez gain, klima-aldaketaren arazoari buruzko hitzaldia ere izango da eta egoera larri hori hobetzeko konponbideak ere aipatuko dira. Aquarium Donostia, Gaea Elkartea eta Mater Museo ekoaktiboko itsas eta urpeko profesionalak izango dira hizlari.