Urte mordotxoa da Dorronsoro jubilatu zenetik eta ordutik denbora gehiago eskaini dio itzulpenak egiteari. Horrela, azken bospasei urteetan zortzi literatur lan itzuli ditu euskarara; horietako hiru, azken hiru urteetan itzulitakoak, argitaratuta ditu, eta, azkena, argitaratze bidean.
Lorca, Arakistain, Samaniego eta Castro
Argitaratutako itzulpen-lanen artean honakoak daude: 2021ean Arimako olerkiak, Federico García Lorcarena; 2020an Laura, Juan Benantzio Arakistainena; eta 2019an Eskola olerkiak, Samaniegoreneko Felix Mariarenak.
Argitaratu gabe baina dagoeneko argitaletxean du une honetan Olerki bilduma, Rosalía de Castrorena. Azken urteetan itzuli eta argitaratu gabeen artean, berriz, honakoak ditu: Aukerako olerkiak, Rubén Daríorena; Olerkiak, Antonio Machadorena; Olerkiak, Pablo Nerudarena eta Olerki hautatuak, Mario Benedettirena.
Nabarmentzekoak dira, bestalde, lehentxeago itzuli zituen beste lan hauek ere: 2007an Eredu nobelak I eta Eredu nobelak II, Miguel de Cervantesenak, eta 2008an Sonetoak, Francisco de Quevedorena.
Hiru itzulpen horiek Hiria argitaletxeak plazaratu zizkion. Azken lanak, berriz, autoekoizpenez inprimatu eta argitaratutakoak dira.
Horietako hainbat poesia dira, errima eta neurriak zaindu beharrak dakarren zailtasun gehigarriarekin.