Elkarrizketa

Lourdes Gonzalez eta Jon Ander Urain: “Udako kultur eszena aberastea eta sortzaileen lana saretzea da Gure Giroren helburua”

Berriketan 2022ko eka. 29a, 12:00

Zinema, musika, tailerrak, irteera gidatuak… askotariko hitzorduak hartuko ditu bere baitan uztailaren 3tik 30era bitartean egingo den Gure Giro programazioaren bigarren edizioak.

Kultur Elkartea, Debako Gazte Asanblada, Jazzez Blai, Debadezine eta Zuhatza Euskara Elkarteak elkarlanean osatutako egitaraua du ardatz egitasmoak eta Kultur Elkarteko kide diren Lourdes Gonzalez eta Jon Ander Urainek azaldu dizkigute programazioaren nondik norakoak.

Nondik dator Gure Giro programazioa sortzeko ideia?
Pandemiak gogor kolpatu zuen herriko kultur eragile eta sortzaileen jarduna. Eta, etenaldi horri aurre eginez, kultur eragileen dinamikak aktibatu eta taldeen arteko sinergiak indartzeko helburuarekin sortu genuen iaz Gure Giro proiektua. Aurten bigarren edizioa egingo dugu, hasierako baloreei eutsita.

Kultur ekimen asko egingo dira herrian uda partean… Zertan desberdintzen da zuen proiektua edo eskaintza?
Proiektuaren izaera kolektiboa da gure balio erantsia. Urtean zehar eragile bakoitzak bere esparruan egiten du lan, eta dinamika honen bidez udako kultur eszena aberastu nahiko lukeen edozein norbanako edo kolektiboren parte-hartzea bilatzen dugu; guztion indarrak batu eta uztail osoa hartzen duen egitarau zabal bat osatu dugu.

Aurten ere, Kultur Elkartea izango da ekimen gehienen topagune. Zer eskaintzen du gune horrek?
Kultur Elkartea formatu txiki eta ertaineko ekimenak antolatzeko gune egokia da; azpiegiturak hobetzeko lanean ari gara, baina kanpoko plazatxoa edo areto nagusiak hainbat formatutako ekimenak egiteko jokoa ematen du. Bestalde, Kultur Elkartea erreferentzial bihurtzea da aurtengo erronka nagusia; bide horretan lanean ari gara buru-belarri azken hilabeteotan eta udako eguraldi ona aprobetxatu beharra dago.

Erraza izan al da egitaraua osatzea?
Kultur sorkuntzari dagokionez, Deba herri aberatsa dela esan genezake, hainbat diziplina artistikotako talde eta norbanako asko baititugu inguruan. Hala ere, agendak eta egitaraua “koadratzea” ez da erraza izan. Programazioan, kontaketak, irteera gidatuak, zinema, hainbat musika estilotako kotzertuak… biltzen saiatu gara, adin eta profil ezberdineko herritarrentzat erakargarria den egitarau zabala prestatuz. Egindako lanak merezi izan duela pentsatu nahi dugu.

Hainbat publikori zuzendutako emanaldiak programatu dituzue, zer nolako erantzuna espero duzue?
Kontrakoa pentsa daitekeen arren, uda partean ekimen batzuekin asmatzea zaila izan daiteke; eguraldiak, hondartzak edo inguruko herrietako jaiek, adibidez, asko baldintzatu dezakete parte-hartzea. Hala ere, herritarren erantzuna ona izatea espero dugu. Maialen Tellabide, Iñigo Ruiz de Gordejuela, Josu Salegi, Amaia Zinkunegi, Alex Turrillas, Maialen Solabarrieta, Dawanada musika taldea, Itsaso Iciar eta Martina Soto… herriko sortzaileen lanari garrantzia eman nahi izan diogu eta herritarrek hori modu positiboan baloratuko dutelakoan gaude.

Egitaraua astez aste:

1. Astea

Uztailak 3, Udako zinema: Pan de limón con semillas de amapola 22:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 6, Blues tailerra + Jam session 22:00etan, Gaztetxean
Uztailak 7, Jazz kontzertua: The Chickpeas 22:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 8, Trakamatraka umeentzako ikuskizuna 11:00etan, zumardian
Uztailak 9, Jazz kontzertua: Malwina Masternak 19:00etan, zumardiko karpan
Uztailak 9, Jazz kontzertua: Juanma Urriza Quartet 22:00etan, zumardiko karpan
Uztailak 10, KulturEkin kontzertua: Xahu 13:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 10, Soul kontzertua: Arima soul 19:00etan, Kultur Elkarteko plazan

2. Astea

Uztailak 13, Asteazken Akustikoak: Koiu 22:00etan, Gaztetxean
Uztailak 14, Udako zinema: Laburmetraiak 22:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 16, Irteera gidatua: La otra historia de Sasiola 10:00etan, Plaza Zaharretik
Uztailak 17, Rock kontzertua: Dawanada 13:00etan, Kultur Elkarteko plazan

Yoga tailerrean eta irteera gidatuetan izena emateko sakatu hemen.

3. Astea

Uztailak 20, Asteazken Akustikoak: Abian 22:00etan, Gaztetxean
Uztailak 21, Helduentzako kontaketa: Otsandreak korrika 22:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 23, Yoga tailerra 10:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 23, Rock kontzertua: Añube + The Clayton + John Dealer & The Coconuts 19:00etan, Gaztetxean. Sarrera: 6€
Uztailak 24, Udako zinema: Última noche en el Soho 22:00etan, Kultur Elkarteko plazan

4. Astea

Uztailak 27, Asteazken Akustikoak: Itsaso eta Martina 22:00etan, Gaztetxean
Uztailak 28, Udako zinema: Delicioso 22:00etan, Kultur Elkarteko plazan
Uztailak 30, Irteera gidatua: Atalayas balleneras 10:00etan, Itxaspeko kanpinetik