Zabalik dago Elizburuko etxebizitza tasatuetan izena emateko epea

Berriketan 2022ko uzt. 4a, 09:59

Joan den ostiralean argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Elizburuko ‘a.300.5’ partzelan babes publikoko udal erregimen tasatuko 38 etxebizitzak, eta atxikitutakoak (trasteleku eta garajeak), eskuratzeko zozketa arautuko duten oinarriak. Hori hala, dagoeneko zabalik dago izen-ematea, abuztuaren 1a bitartean (hori barne).

Etxebizitzen erosleak zozketa bidez aukeratuko dira, eta zozketan parte hartu ahal izateko eskaera orria aurkeztu beharko da abuztuaren 1a baino lehen, oinarrietan jasotzen denez. Eskaera orria erregistro elektroniko bidez edo udaletxeko harreran (astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara) aurkeztu beharko da.

Guztira, 38 etxebizitza egingo dira; horietatik 20, hiru logelakoak izango dira; 16, bi logelakoak; eta 2, mugikortasun urri iraunkorreko pertsonentzat egokitutako bi logelakoak. Etxebizitza egokitu horietarako eskaerarik ez badago, 3 logelako etxebizitza bihurtuko dira.

Etxebizitzak udal erregimen tasatuko etxebizitzak izango dira, eta Proteisa 2002, SL enpresa izango da etxeak egin eta salduko dituena. Hala ere, sustapen publikoko etxebizitzak izango direnez, etxebizitza horiek duten erregimen aplikatuko zaie: erosleen ohiko etxebizitza izan beharko da, besterenganatzeko baldintza jakin batzuk bete behar dira, eskatzaileek izan beharko dituzten gutxieneko eta gehieneko diru sarrerak finkatuta egongo dira, eta abar.

Gero, dagozkien egiaztapenak eta sailkapenak egin ondoren, zozketa egingo da eta Proteisa 2002, SL enpresari zerrenda emango zaio. Hortik aurrera harreman guztia sustatzailearen eta onuradunen artean izango da: eskriturak egitea, ordainketak, eta abar. Dena den, sustapen publikoko kalifikazioa iraunkorra denez, Debako Udalaren ardura izango da araudia betetzen dela egiaztatzea, baita etxebizitza babestuen araudiak ematen dizkion beste ahalmen guztiak gauzatzea ere.