ELKARRIZKETA

Xabier Carrillo: “Herri-koruak dira afizio-sortzaile eta horiek bultzatu behar ditugu erreleboa gerta dadin”

Berriketan 2022ko uzt. 4a, 11:00

Ohiko udako kontzertua emango du uztailaren 9an (larunbata), 20:00etan, elizako klaustroan Aitzuri abesbatzak. Amaia Zipitria pianista izango du lagun, eta ilusio handiz eta gogotsu prestatzen dihardute emanaldia. Xabier Carrillo Urkizurekin elkartu gara kontzertuaren berri izateko eta, bide batez, bere ibilbidea ezagutzeko. Izan ere, Carrillok hartu zion 2020ko irailean Ander Simali abesbatza zuzentzeko makila, bi bider pentsatu beharrik gabe. 42 urte ditu Carrillok eta abestu gabe ezingo luke bere bizitza irudikatu; eta bidaiatuz, lagun-giroan edo musika klasikoa entzunez bada, askoz hobeto.

Aitzuri abesbatza ez dago geldi azkenaldian. Baina laster hitzordu berezia duzue. Ilusioz?
Gabonetako, Santa Agedako eta Korrikaren aldeko kale-emanaldiak egin ditugu, eta duela gutxi Itziarko erromesaldian ere izan genuen emanaldia. Horiez gain, bi kontzertu eman genituen iaz, bata Donostian, eta, bestea, Deban. Hala ere, oraingoan kontzertu oso berezi batekin gatoz, uztailaren 9an izango da elizako klaustroan, udarari ongi-etorria emateko asmoz. Berezia izango da formatuagatik (dena pianoak lagunduko du), eskainiko dugun errepertorioarengatik, eta kontzertua ospatuko den lekuarengatik. Berau prestatzen lan handia egin dugu eta, bai, ilusio handiz gaude hurbiltzen den jendeari erakusteko.

Udako kontzertu honetan Amaia Zipitria pianista izango duzue lagun…
Bai, eta horrek ere pozez betetzen nau. Pianista bikaina da Amaia, Musikenen irakasle dabil egun, Asier Polo biolontxelistarekin diskoak ditu argitaratuta, eta ganbera taldeetan eskarmentu handia du, gainera. Abesbatzekin lan egiten ohituta dago Amaia. Donostiako Orfeoiarekin hasi nintzenean ezagutu nuen, eta ordutik lagun mina dut. Proposamena helarazi nionean, bat-batean eman zidan baiezkoa.

Pandemia-sasoia zuentzat ere ez omen zen samurra izan…
Ez da erraza izan, ez. Nik zuzendaritza 2020ko irailean hartu nuen, Aitzuriren proposamena jaso eta ez nuen asko pentsatu beharrik izan. Taldekideok ondo ezagutzen dugu elkar eta erronka interesgarria iruditu zitzaidan. Baina pare bat hilabetera murrizketekin hasi ginen: lehenik, aforoena, gero musukoena, partaideen “beldurra”rena ondoren… Azkenean, etenaldi bat egin behar izan genuen. Hala ere, joan zen urteko maiatzaz geroztik “normal” gabiltza, gaur egun “normal”en esanahia oso argi ez dudan arren.

Eta nola sentitzen zara kide zintuen taldeko zuzendari?
14-15 urte nituela hasi nintzen Aitzurin abesten, baina hasieratik egon naiz soka desberdinetan abestiak irakasten. Pasa diren zuzendari guztiekin ikasi dut asko (Ainhoa Sorazu, Amaia Zinkunegi, Fefe Urain…) gero 22 urterekin Erresuma Batura joan nintzen eta 2007. urtean berriz Aitzurira bueltatu.

Hala ere, lehendik horretarako bidea egina zenuen, gaztetan zuzendari izateko ikastaroak egin baitzenituen.
Bai, Amaia Zinkunegik animatuta, Iñaki Kareaga eta biok hasi ginen Euskal Herriko federazioak antolatutako ikastaroetan. Oso gaztea nintzen eta ez nekien oso ondo zer aurkituko nuen. Gogoratzen dut lehen egunean tonoak ematen ere ez nekiela eta beste ikasleak ikustean atsedenaldian bertan diapasoiari “sua” atera niola klaseetako mailan egoteko.

Donostiako Orfeoian ere aritu zara urte askoan zehar. Nolako esperientzia izan da?
Ingalaterran nengoela ere beti abesbatzetan aritu nintzen, beti abestu izan dut. Lehen aldiz, koru handien parte izaten hasi nintzen, eta haiek errepertorio sinfoniko koralak jorratzen zituzten eta beti orkestrekin aritzen ziren. 2007an, bueltatzean, errepertorio hori egiten jarraitzea zen nire asmoa. Beraz, Donostiako Orfeoira hurbildu, sarrera-probak gainditu eta 13 urtez han aritu naiz. Orain eszedentzian nago.

Esperientzia ikaragarria da! Rattle, Gerghiev, Chailly eta abarren agindupean aritzea, edota Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin aritzea… Parisen, Luzernan, Londresko Promsetan, diskoak, DVDak, soinu-bandak egitea (Goya saria ere irabazita)… Benetan “aluzinantea” da. Gainera, ibilbide horretan lagun ugari egin ditut.

Baina itzul gaitezen herrikora: nola antolatzen da Aitzuri abesbatza? Zein maiztasunekin eta nola entseatzen duzue?
Aitzuri ezin da abesbatza handi batekin konparatu, Deban egiten den lan, jorratzen den errepertorio eta ditugun baliabideengatik. Musika eskolan astean bitan elkartzen gara, batzuetan ahotsetara antolatuta eta besteetan denok batera. Ilusio ikaragarria duen taldea gara: beti errepertorioa berritzen saiatzen gara, gure teknika indartzen, kalitatea hobetzen…

“Ilusio ikaragarria duen taldea gara: beti errepertorioa berritzen, teknika indartzen, kalitatea hobetzen…”

Mota guztietako abestiak kantatzen al dituzue?
Musika koralaren ehuneko handi bat polifonia erlijiosoa da, hori da jendeak “eliz musika” bezala ezagutzen duena… baina errepertorio horretan milaka altxor daude. Hala ere, folklorea ere jorratzen dugu, herrialde askotako abesti eta polifonia, poema musikatuak, soinu-bandak, eta abar. “Menua” ikaragarria da; horren adibide uztailaren 9ko kontzertua izango dugu.

Nola aukeratzen duzue une bakoitzean zein abesti kantatuko dituzuen?
Oinarrirako errepertorio sendo bat dugu, eta gero gauza berriak tartekatzen dira, beste koru-zuzendariekin hitz eginez eta abar. Gure kontzertuak anitzak dira, eta programa osatzeko gauza asko izaten ditugu kontuan: lanen zailtasuna, taldeko kide kopurua, kontzertua eskaintzen dugun lekua, eta abar.

Kanpoan ere dezente ibili zarete. Aberasgarria izango da hori ere taldearentzat…
Kontzertuak ematea da aberasgarria! Belgika eta Milanen egin genituen agerraldiak aipatuko nituzke, eta Estatuan, Madrilen, Bartzelonan eta abarretan egindakoak. Griñoneko lehiaketan lehen saria irabazi genuen, eta beste hainbat lehiaketatan ere parte hartu izan dugu, betiere emaitza onekin. 2023an Gijonen daukagu proiektu bat.

Kanpoan aritzeak, bidaiatzeak zirrara berezia sortzen dizu: publiko berriak, kanpoan euskal folklorea plazaratzeak, edota euskal abesbatzen “soinu berezia” erakusteak. Hala ere, Deban edo Milanen aritzeko berdin prestatzen gara.

Zein izan daiteke Aitzuri abesbatzako kide?
Edonor izan daiteke taldeko kide. Abestea gustatzen zaionak, talde-lana gustuko duenak, edo musikaren parte izan nahi duenak Aitzuriren ateak zabalik ditu. Solfeoa ez da ezinbestekoa. Dena ikasten da! Gogoa eta konpromiso puntu bat soilik behar dira, taldean egiten den edozein jardueratan bezala.

Gizonezkoak, emakumezkoak… antzeko kopuruan al daude taldean?
Emakume gehiago daude, baina erabat normala da, abesbatza guztietan gertatzen den zerbait da. Agian, premiazkoena, kide berriak lortzea da, adin guztietakoak, gazteak eta ez hain gazteak.

Gaur egun Euskal Herriko abesbatzen panorama osasuntsua dela esango zenuke?
Erlatiboa da hori, talde ugari daude, asko maila handikoak… baina askotan jende berbera aritzen da talde guztietan… Herri-koruak dira afizio-sortzaile, eta horiek bultzatu behar ditugu. Bereziki ume- eta gazte-koruak, erreleboa gerta dadin.

Hurrengo lerroak zureak dira, Xabi.
Gonbidapena luzatu nahi nuke uztailaren 9an, klaustroan, eskainiko dugun kontzerturako. Bikaina izango da!

Bestalde, Aitzuri zoriondu nahi dut, egindako lanagatik eta nigan konfiantza izateagatik.

Arg.: Arrate San Martin