Gustura egongo zarete Tomoko Nazioarteko Torneoan lortutako dominarekin, ezta?
Bai, oso gustura. Espero genuena baino askoz emaitza hobeak izan ditugu.
15 urtez beherakoen kategorian aritu zara, maila ona dago kategoria horretan? Nolakoa izan da lehia?
Bai, maila ona dago, kontuan izanda ez dugula esperientzia handirik oraindik. Lehia oso berdindua egon zen lehenengo hiru postuetan.
CN Catalunya kluba izan da txapeldun zuen kategorian eta Jug Adriatic Osiguranjek (Kroazia) irabazi du zilarra. Zein emaitza lortu dituzue?
Ez zitzaigun Kroaziaren aurka jokatzea tokatu, baina Catalunya klubaren aurka gol batengatik galdu genuen. Iaz hasi zinen selekzioarekin jokatzen.
Zenbat txapelketatan aritu zara? Zelakoa izan da esperientzia?
Bi txapelketa jokatu ditut eta esperientziak oso dibertigarriak eta politak izan dira. Oso dibertigarria egiten zait beste pertsona batzuen aurka eta beste pertsona batzuekin jokatzea, hau da, nire betiko taldekoak ez direnekin.
Izan ere Eibarko Urbat waterpolo taldean zabiltza, ezta? Asko entrenatzen al zarete? Nolakoak izaten dira entrenamenduak?
Bai, Urbateko senior taldean jokatzen dut, eta egunero entrenatzen gara. Egunean 2 ordu eta 20 minutu, gutxi gorabehera. Lehenengo gimnasio ordu bat, eta ordu eta erdi uretan. Astean bitan igeriketa asko lantzen dugu eta beste hiru egunetan jaurtiketak eta jokoa entrenatzen ditugu.
Eta partidak noiz eta non izaten dira?
Partiden erdiak etxean, hau da Eibarren, eta beste erdiak kanpoan izaten dira. Adibidez, Irunen edo Getxon.
Zein da waterpoloaren alderdirik gogorrena? Eta politena?
Entrenamendua da waterpoloaren alderik gogorrena. Politena, berriz, kirolak ematen dizkizun aukerak, hau da, taldearekin edo selekzioarekin torneoetara joatea.
Zein dira zuen kirolean beharrezkoen diren abileziak? Teknika handia behar al da?
Ondo igeri egiten jakitea eta erresistentzia handia izatea. Jaurtiketak egiteko teknika behar da, batez ere; igeri egiteko teknikak ez du hainbesteko garrantzirik.
Apirileko txapelketan lortutako emaitza oso ona izan da. Eta gogor entrenatu ostean galtzen duzuenean, adibidez, nola bizi izaten duzu?
Egia esan, kasu honetan adibidez guztiz kontrakoa izan zen. Galdu genuen partidak gehiago animatu gintuen sariren bat lortzeko.
Zer irakatsi dizu waterpoloak?
Taldean jokatzen eta egunero helburu berrietara iristen. Autosuperazioa.
Deban ez daukagu igerilekurik. Itsasoan sortu zitzaizun igeriketarako afizioa? Edo nola izan zen?
Txikitatik gustatu izan zait ura, baina waterpoloa nire ahizpari esker ezagutu nuen. Bera hasi zen jokatzen, eta bere partidak ikustea eta, orokorrean, kirola bera asko gustatzen zitzaidan. Hori hala, azkenean probatzea erabaki nuen.
Aurrera begirako ametsik? Olinpiar Jokoetara joatea, adibidez?
Noski, Olinpiar Jokoetara joatea amets bat da.