Gaur arratsalderako deitu dute lehen entsegua, baina datozen asteotan ere asteartero egingo dira hitzorduak, 19:00etan Ifar kaleko eskolan, abuztuaren 15eko egitarau osoa txukun prestatze aldera. Umeen Egunean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, entseguetan bertan edo debakoumeeneguna@gmail.com helbidera idatzita bestela.
2012-2013 urteetan jaiotako haurrak banderadun gisa arituko dira aurten, eta 2009-2010-2011 urteetan jaiotakoek osatuko dute korporazioa. Danborrak eta panderoak 2009tik 2017ra bitartean jaiotakoen artean banatuko dituzte, eta 2018an jaiotakoak kantinera, sukaldari… paperean jardungo dira. Herri-kirolen arloa 2018-2019 urteetan jaiotakoen esku lagako da, eta 2020-2021ean jaiotakoek mozorrotuta parte hartu ahal izango dute ospakizunean (nahi duena mozorrotu daiteke, nolanahi ere).
Entseguetara hurbildu eta ospakizunean parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei luzatu diete antolatzaileek.