Herritarren ekimenez aurrera ateratzen den ekitaldia da Begiradak, ikus-entzunezkoak, literatura eta musika uztartzen dituena. Iturri Ondoan-en eskutik, betiko moduan, bederatzigarrenez datorkigu aurten ikuskizuna, irudi bakoitzaren gainean pausatutako zenbait herritarren begirada desberdinak plazaratzera. Herriko 11 irudigilek eta 13 idazlek hartuko dute parte aurtengo saioan.
Datorren asteko ostiralean, uztailaren 15ean, Dantzak hartuko du iturri ondoa genEroa ikuskizunarekin (22:00etan). Kimua dantza kolektiboko sei dantzari eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazlea izango dira taula gainean, “genero-ikuspegiaren inguruko lanketa, originala bezain berritzailea” eskainiz.