Ur-eremuetan dauden hondakinen inguruko sentsibilizazio lana egiteko hainbat ekimen sustatzen ari da Debako Udala uda partean. Hondartzan eta ur azpian egin da, esaterako, plastikoen bilketa, auzolanean. Uda hasieratik, hondartzako pasealekuan (Ondargain parean), ikusgai dago Willy Berasaluze artista debarrak egindako eskultura berria, balearen forma duena; ur-eremuetan jasotako plastikoak bildu nahi dira bertan eta, uda amaitzean, bertan jasotakoak birziklatzera eramango direla azaldu zuten udal ordezkariek. Ildo beretik, oraintsu ibai ondoan ere jarri da antzeko beste eskultura bat, txitxarroa irudikatzen duena, inguru horretako plastikoak jasotzeko helburu berarekin.
Itsasadarra garbitzeko ekimena larunbatean egingo da, Casacampo eta Artzabal inguruetan. 10:00etan emango zaio hasiera, Debako portuan. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena, hondartza@deba.eus helbidera idatzita edo 943 19 28 40 telefono zenbakira deituta.