Zer nolako saioa izango da biharkoa? Zeini zuzendua?
Kultur Elkarteko plazan egingo dugu, eta txoko polita da yoga praktikatzeko. Ordubete eta laurden iraungo du eta publiko mota guztiei zuzenduta egongo da; izan ere, yogaren praktika norbanakoari egokitzen zaio, eta ez alderantziz. Saioa lasai hasi eta amaituko dugu, arnasketa kontzientez eta mugimendu goxoz lagunduta. Tartean, asana edo postura desberdinak proposatzen joango gara eta norberak haiei tamaina hartzeko aukera izango du, gehiago edo gutxiago sakonduz.
Zergatik animatuko zenuke jendea saioan parte hartzera?
Yogaren praktikak barne mundurako begirada pizten laguntzen digu. Uneoro arnasten dugu eta mugitzen gara, baina ekintza horiei arreta osoa eskaintzeak egunerokotasunaren pilotu automatikotik irten eta gure burua bere osotasunean ezagutzea ahalbidetzen digu. Bizitza, mundu emozionala zein erresistentziak kudeatzeko tresna da yoga. Barne lasaitasuna elikatu eta eguna energia berriztatuz hasteko aukera emango digu saioak. Alfer, kirolari, gazte, heldu, mendizale, surflari, lotsati, umoretsu zein ostiraleko poteoko erresaka lagun duena ere beso zabalik hartuko dugu! Gainera, gosaria gure kontu!