Gaur (irailak 7) hasi eta larunbatean (irailak 10) amaituko da XV. Animadeba Nazioarteko Animaziozko Zinemaldia. Munduko 91 herrialdetatik 1.057 film labur jaso dira, eta horietatik hogei ekoizpenek parte hartuko dute Sail Nagusian zein Zuzendari Berriak UPV-EHU sailean. Aukeratuen artean Euskal Herriko, Italiako, Hungariako, Ingalaterrako, Brasilgo, Errusiako, Espainiako eta Frantziako lanak daude. Lehiaketatik kanpoko Panorama sailean, aldiz, beste film labur batzuk ikusteko aukera egongo da.
Alberto Vazquez zuzendaria eta zinemaldiko epaimahaikidea izango da aurtengo Gonbidatu Berezia. Bere film laburren atzera begirakoa egingo dute, eta bere ibilbideaz hitz egiteko solasaldia antolatu dute. Animadebak, gainera, Euskal Animazioa omenduko du aurten, Euskal Herriko Animazioaren 50. urteurrena ospatuz. Bertan, 1970-2020 urteetan egindako filmak ikusiko dira. Hiru saiotan 53 film labur proiektatuko dituzte, baita animaziozko bideoklipak ere.
Egitarauari dagokionez, haur eta helduentzako film luzeak zein laburrak eskainiko dira. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, euskarazko azpidatziekin. Horiez gain, kasu azterketez, aurkezpenez, solasaldiez, tailerrez eta kontzertuez gozatu ahal izango da aurtengoan.
Sarrerak. Sarrerak Animadebaren webgunean eskuratu daitezke edota zumardiko karpa zurian zinemaldiaren egunetan. Ohiko sarreraren salneurria 3 eurokoa da eta sari banaketakoa, aldiz, 8 eurokoa. Bonoak ere eskuratu ahalko dira, 25 euroan.
HEMEN ikusgai Animadeba zinemaldiaren baitan antolatutako ekimen sorta.