Partaidetza ahalik eta zabalena batzeko asmoarekin, bi ibilbide proposatu dituzte antolatzaileek. Alde batetik, Mutrikuko Saturraran hondartzan hasi eta Debako Santiago hondartzan amaituko den 6.500 metroko ibilbide luzea egiteko aukera egongo da, eta, bestetik, Mutrikuko igerilekua eta Santiago hondartza batuko dituen 3.000 metro inguruko ibilbide motza. Neoprenoaren erabilera derrigorrezkoa izango da proba luzean, ez ordea laburrean.
Proba luzeko parte hartzaileak 11:00etan uretaratuko dira Saturraranen. Proba motza, aldiz, 12:00etan hasiko da Mutrikuko igerileku ondoan. Proba egiteko gehienezko denbora ere ezarri dute. Ibilbide luzea, gehienez ere, hiru ordutan egin beharko da. “Hasi eta bi ordura anoa postutik pasa ez diren edo gehienezko hiru orduak bete eta gero Debako hondartzara ailegatu ez diren parte hartzaileak jaso egingo dira”. Ibilbide motza, asko jota, bi ordutan egin beharko da. Denbora hori gaindituta, antolakuntzak uretan jasoko ditu igerilariak.
Dortsalak Debako Ondar Gain tabernaren inguruetan ipinitako mahaian jaso ahal izango dira, 08:30etik aurrera. Antolakuntzak, gainera, autobus zerbitzu berezia ere antolatu du parte hartzaileak bi irteera guneetara eramateko. “Azken autobusa proba hasi baino ordubete lehenago aterako da”.
Izen ematea. Proban izena emateko azken eguna asteazkena (irailak 14) da. Zehaztu dutenez, Rock The Sport webgunean izena eman behar da, 20:00ak aurretik. Ibilbide luzean gehienez ere 150 igerilarik parte har dezakete eta motzean, gehienez, 400 lagunek. Gogorarazi dutenez, proban adin nagusiko edozeinek parte hartu ahal izango du, federatua egon ala ez. 14 urtetik gorakoek ere parte hartu ahal izango dute, baina gurasoen edo legezko tutorearen baimena eta proba egiteko gaitasun fisikoa dutela baieztatzen duen ziurtagiria beharko dute.