Larunbatean (irailak 10) egin zuten sari banaketa, eta sail ofizialean lehiatu diren hamar lanen artean Swallow the Universe lana izan da irabazle nagusia. Epaimahaiak lanaren grafiko nahasketa “ikusgarria”, 2D eta 3D animazioak zelan uztartu dituzten eta zintaren soinu diseinu “indartsua” goraipatu ditu sari nagusia ematerako orduan.
Lanak, gainera, Euskal Herriko zenbait zineklubek emandako K saria ere eskuratu du. Epaimahairen iritziz, “proposamen originala” da eta teknika desberdinak erabiliz, animazioan “erabat murgiltzen” du ikuslea. Zuzendaria “ohiko narratibetatik haratago” doala ere gaineratu dute. “Ikustaldi bakoitzean aurrekoetan ikusi gabeko printzak ikusarazi dizkigu”.
Gidoi onenaren saria, berriz, Stephanie Lansaque eta Francois Leroy zuzendari frantziarren The Awakening of the Insects lanak eskuratu du. Memoria galdu duen Mr. Lam izeneko protagonistaren “bidaia” kontatzen du lanak, eta, epaimahaiaren arabera, gidoiaren eta animazioaren tratamenduak protagonistaren nahasmendua “sentiarazten” die ikusleei.
Aipamen berezia, bestetik, Mate Horesnyi zuzendari hungariarrak egindako A Kisebbik Rossz lanarentzat izan da. Film laburra epaimahaiaren gustukoa izan da “argia eta itzala zuri-beltz adierazkor batean egiten duen lan handiagatik” eta istorioak josteko gaitasunagatik.
Zuzendari Berriak UPV-EHU saria Jinkyu Jeon zuzendari japoniarrak irabazi du, The House of Loss lanarekin. Metafora bisual ugariko marrazki “birtuoso eta delikatu” baten bidez gerraren, traumaren eta zahartzaroaren “absurdoa” lantzeagatik eman diote saria. Ikusleen saria, azkenik, Marc Riba eta Anna Solanas zinemagile katalanen El mati del seño Xifro lanak irabazi du.
Animadebak, gainera, Alberto Vazquez omendu du aurten; “ibilbide oparoa” duen zinemagilearen film laburrak proiektatu zituzten atzera begirako batean. Sari banaketa ekitaldian, Euskal Makila saria jaso zuen, Aitor Oñederra Animadebako zuzendariaren eskutik. Euskal Herriko animazioaren 50. urteurrenaren testuinguruan egin da aurtengo zinemaldia, eta euskal animazioa gogoan hartuta, 1970-2020 urteetan egindako filmak proiektatu dituzte.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Animadeba 2022ko Sail Nagusia, Zuzendari berriak eta Panorama sailetako lanak Film In plataforman ikusteko aukera egongo da irailaren 25era arte.