Koronabirusak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Euskal Jaiko marmitako lehiaketa. Larunbatean (irailak 24) egingo da lehiaketa, eta udalak lehiaketan parte hartzeko interesa duten kuadrilla guztiak parte hartzera gonbidatu ditu.
Lehiaketa 10:00etan hasiko da Plaza Zaharrean. Antolakuntzak ordu horretan ipiniko ditu mahaiak, eta mahaiak ipini ondoren, kuadrillak plazan marmitakoak prestatzen hasi ahalko dira. Antolatzaileek zehaztu dutenez, osagaiak eta marmitakoa prestatzeko tresnak parte hartzaileen kontura izango dira. Hortaz, talde bakoitzak nork bere sua, kazola, hegaluzea eta patatak eraman beharko ditu.
Parte hartzaileek marmitakoa prestatzeko izango duten denbora ere zehaztu du antolakuntzak. Zehazki, lau ordu eta erdiko tartea izango dute. “14:30ean, marmitako plater bat aurkeztu beharko da, Plaza Zaharrean bertan”.
Sari banaketa. Irabazleek, ohi modura, txapela jasoko dute. Aldats pilotalekuan egingo den bazkari herrikoiaren bazkalostean iragarriko dute talde irabazlea. Horrez gain, lehiaketan parte hartzen duten talde guztiek izango dute saria. Talde bakoitzeko bost kidek herri bazkarian sagardoa doan izango dute. Zehazki, txotxean parte hartzeko edalontziak emango zaizkie.
Lehiaketari buruzko zalantzak argitu edo informazio gehiagorako 943 19 24 52 telefono zenbakira deitu daiteke.