Kolore Anitz Aisialdi Taldeak antolatutako Euskal makarroi lehiaketak eman zion hasiera aurtengo egitarau oparoari. Ostiral (irailak 23) arratsaldean egin zuten ekintza, eta euria ari zuenez, udaletxe azpian batu ziren. Bost eta zazpi laguneko taldetan banatuta, makarroi plater goxoak egiten saiatu ziren parte hartu zuten sei taldeak. Haur Hezkuntzako ikasleen laguntzarekin, Zein ederra den zu euskaraz entzutea zihoen horma-irudia osatuaz amaitu zuten ekintza.
Ostiral iluntzea, berriz, Kalean Kantuzekoek alaitu zuten. Gitarra, panderoa eta akordeoi doinuek lagunduta, kalerik kale kantari aritu ziren. Bateko eta besteko taberna aurretan egindako geldialdietan kantu herrikoiak abestu zituzten inguruetan zeudenen gozagarri.
Larunbata (irailak 24) goibel hasi zen. Euri zaparrada mardulak bota zituen tarteka, eta azken orduko aldaketa batzuk eginda bada ere, egitarauak aldez aurretik iragarrita zegoen modura jarraitu zuen. Eguneko hitzordurik goiztiarrena X. Marmitako lehiaketa izan zen. Euria ari zuenez, Plaza Zaharrean batu ordez estalitako pasealekuan batu ziren parte hartu zuten bost taldeetako sukaldariak. Epaimahaiari marmitako plater bat aurkezteko lau ordu eta erdiko tartea eduki zuten.
[ARGAZKI GALERIA, HEMEN ikusgai]
Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, Kalez Kale txistulari taldeak eta Zubietako joaldunek ahalegina egin zuten eguerdi aurreko uneak girotzeko. Gauza bera egin zuten Gure Kai euskal dantza taldeko eta Musika Eskolako dantzariek; dantza saio txukuna eskaini zuten pasealeku estalian batu ziren zaletuen aurrean.
Eguerdia gerturatu ahala, gero eta jende gehiago batu zen kaleetan. Plaza Zaharrean, esaterako, ilara luzeak sortu ziren talogileek prestaturiko taloak dastatzeko. Trikitilariek ere giro aparta sortu zuten kaleetan. Jendetza batu zen Aldats pilotalekuan egindako bazkari herrikoian; hitzordura hutsik egin ez zuten 600 bat lagun batu ziren giro eder eta euskaldunean.
Ohikoa bihurtu den modura, bazkalostean iragarri zituzten Marmitako lehiaketaren irabazleak. Epaimahaia osatu zuten hiru herritarrek lan gogorra eduki zuen. Nabarmendu zutenez “maila ona” egon zen, eta irabazlea aukeratzea ez zen lan erraza izan. 20,5 puntu lortuta, Pilar Rincon, Arantxa Lariz eta Marga Tomas izan dira aurten jokoan egon den txapelaren irabazleak. Txapelaz gain, Geoparkeko bi produktu sorta eta Martin Zalakain ikuskizuna ikusteko bost sarrera ere irabazi zituzten.
[ARGAZKI GALERIA, HEMEN ikusgai]
Zuhatza Euskara Elkarteak zozkatu zituen bi saskien zenbaki irabazleak ere une berean iragarri zituzten. Lehen saskiaren irabazlea 9527 zenbakia izan zen eta bigarrenaren irabazlea, aldiz, 4170. Zuhatzakoek adierazi dutenez, agertu dira irabazleak. Lehen saskiaren irabazlea Goretti Urzelai izan da eta bigarrenarena, Jose Mari Saenz.
Jai giroa goizeko ordu txikiak arte luzatu zen. Orkrestra Elektrotxarangak iluntzean poteoan zebiltzanak alaitu zituen. Mugi Panderoa erromeria taldeak, berriz, euritik babestuta frontoian batu ziren guztiak dantzan ipini zituen.