Irailean herri batzordea eratu zutenez geroztik Euskaraldia sustatzeko eta ikusgarritasuna emateko lan egiten dabiltza, eta orain, aurkezpen ekitaldia antolatu dute. Plaza Zaharrean egingo dute ekitaldia, bihar (urriak 7), 19:00etan hasita, eta batzordeko kideek herritarrei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete.
Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lelopean Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ekimenaren nondik norakoak azaldu eta ariketaren gakoen berri ere emango dute. Besteak beste, aurtengo berritasunen berri eman eta euskara bultzatzeko ekintza plana azalduko dituzte. Plaza Zaharrean ipiniko duten mahaian, gainera, Euskaraldiari buruzko informazioa egongo da eskuragarri, eta ariketan izena emateko aukera ere egongo da.
Aurreko bi Euskaraldietan parte hartu duten norbanako batzuk ere gonbidatu dituzte ekitaldira, eta horiekin batera, Miren Artetxek ere abesti batzuk joko ditu. “Euskaraldiaren ondorioz sumatutako aurrerapausoak guztiokin partekatzera gonbidatu ditugu, baita aurtengo Euskaraldirako dituzten erronkak kontatzera ere”.