Garapenerako Lankidetzaren Astea ospatuko dute urriaren 11tik 16ra

Berriketan 2022ko urr. 6a, 13:10

Kalez Kale txistulari taldeak, Kultur Elkarteak eta Debadezine zine klub elkartearekin elkarlanean egingo da Debako Udalak antolatutako egitasmoa.

Garapenerako Lankidetzaren Asteko ekintza nagusiak datorren asterako iragarrita badaude ere, Bakerako Lankidetza Batzarrearen eskutik bihar (urriak 7) zabalduko duten argazki erakusketarekin hasiko da bidea egiten egitasmoa. Urriaren 23ra arte, protagonista nagusi modura garapenerako lankidetza daukaten askotariko argazkiak ipiniko dituzte ikusgai udaletxeko bilkura aretoan. Honako ordutegian ikusi daiteke Emakumeen erabakia: Guatemala erakusketa: astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.

Hurrengo hitzordua astearterako (urriak 11) iragarri dute; Feminismoa: gorputzak, lurraldeak eta disidentziak izeneko nazioarteko jardunaldiak egingo dituzte, 17:00etatik 21:00etara, Agirre Jauregiko Ispiluen gelan. Urriak 15ean, aldiz, IV. Elkartasun Azoka egingo dute. Ateri badago, Plaza Zaharrean ipiniko dituzte postuak, 10:00etatik 14:00etara. Bestelakoan, pasealeku estalian egingo dute azoka. Bertaratzen direnek beste herrialde batzuetako ohiturak ezagutzeko aukera edukiko dute. Honako elkarteek ipiniko dute postua aurten:

  • SMH (Salvamento Maritimo Humanitario)
  • Mugarik gabe
  • Lumaltik
  • Parrokiako kooperazio taldea
  • Liburu solidarioak
  • Zaporeak
  • Bakerako Lankidetza Batzarrea

Elkartasun azokarekin lotuta, gainera, beste bi ekintza egingo dira. Goizean, Kalez Kale txistulari taldekoak txistu eta danbolin doinuekin alaituko dituzte herriko kaleak. Eguerdian, aldiz, udaletxeko bilkura aretoko argazki erakusketara bisita gidatua antolatu dute. Urriaren 16rako antolatu duten film proiekzioarekin emango diete amaiera Garapenerako Lankidetzaren Asteko proposamenei. 19:00etan hasita, Chus Gutierrezek 2008an zuzendutako Retorno a Hansala filma ikusteko aukera egongo da kultur elkartean.

EGITARAUA:

  • Urriak 7-23. Bakerako Lankidetza Batzarraren eskutik, Emakumeen erabakia: Guatemala argazki erakusketa, udaletxeko bilkura aretoan.
  • Urriak 11. Feminismoa: gorputzak, lurraldeak eta disidentziak nazioarteko jardunaldiak, 17:00etatik 21:00etara, Agirre Jauregiko Ispiluen gelan.
  • Urriak 15
    • 10:00-14:00. IV. Elkartasun azoka, Plaza Zaharrean (euria balego, pasealeku estalian egingo da ekintza).
    • 10:00. Kalez Kale txistulariak herrian zehar.
    • 12:00. Argazki erakusketara bisita gidatua.
  • Urriak 16. Chus Gutierrezen Retorno a Hansala filmaren proiekzioa, 19:00etan, kultur elkartean.