Araba aldera mendi irteera bateratua antolatu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean. Igandean (urriak 16), zehazki, Entzia mendilerroan egun osoko txangoa egingo dute. Andoinen hasi eta Opakua gainean amaituko dute 18,2 kilometroko eta 814 metroko desnibela duen ibilaldia, eta, bidean, Tobariako ur jauzietatik eta Mirutegi (1.167 metro) eta Baio (1.197 metro) mendietatik igaroko dira mendizaleak.
Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute; horretarako azken eguna osteguna (urriak 13) da. Ohi modura, autobus zerbitzua ere egongo da. Igandean, 07:30ean abiatuko da autobusa estalitako pasealekutik. Debako mendizaleak jaso ondoren, Mutrikun, Ondarroan eta Markina-Xemeinen egingo du geldialdia autobusak.