Munduko Boccia Txapelketara Espainiako Selekzioa ordezkatuz joango diren parte hartzaileen zerrenda jakinarazi du egunotan Garuneko paralisia eta hartutako kalte zerebrala duten pertsonen Espainiako kirolen federazioak. Bost kirolarik osatzen dute Maria Valdes hautatzaileak egindako zerrenda hori, eta horien artean izango da Deban bizi den Amagoia Arrieta.
Nazioarte mailan beste behin lehiatzeko aukera izatea “albiste pozgarria” dela azpimarratu du Dordoka elkarteko kirolariak. “Gogor entrenatzen ari naiz Rio de Janeiron jokatuko den Munduko Txapelketara begira, eta emaitza on bat lortu dezakedala uste dut. Orain arte lortutako emaitzak bikainak dira, eta gogor entrenatzen jarraitzea eskatzen didate. Munduko Txapelketa honetan asko dago jokoan; Paris 2024ko paraolinpiadak ditut jomugan, eta horietan parte hartzea ziurtatzen duen txartela lortzea izango da nire helburua”.
Amagoia Arrieta: "Mundu mailako sailkapenean hirugarrena naiz, eta, arrazoi horregatik, hautatuetako bat izatea espero nuen”
Urte luzez dabil Boccia praktikatzen, eta ibilbide izugarria darama. Azken denboraldian emaitza bikainak lortu ditu: besteren artean, brontzezko domina eskuratu du Sevillan lehiatu zen Europako Txapelketan, zilarrezko domina Portugalgo Povoa de Varzim hirian jokatu zen Munduko Kopan, eta urrezko domina Erromako World Boccia Challenger nazioarteko txapelketan.
Emaitza horiek guztiak kontuan hartuta, hautatzailearen deia jasotzea espero zuela gaineratu du. “Hautatua izatea emaitzen araberakoa da. Azken hilabeteotan pilatutako garaipenei esker, mundu mailako sailkapenean hirugarrena naiz, eta, arrazoi horregatik, hautatuetako bat izatea espero nuen”.
Arrieta BC1 kategorian lehiatzeko aukeratu dute, Aspaceba elkarteko Serafin Rodriguezen batera. Kategoria horretan pilota eskuarekin edo oinarekin jaurtitzen dute kirolariek, eta laguntzaile baten laguntza jaso dezakete aulkia doitzeko edo bola pasatzeko. Hautatu dituzten beste hiru kirolariak BC2 eta BC3 kategorietan ariko dira: Aspace Caceres elkarteko Sonia Sanchez BC2 kategorian lehiatuko da eta Club Esbonat i Amistat Barcelonako Veronica Pamies eta AE Cataloniako Wafid ‘Fido’ Boucherit BC3 kategorian.
Hautatutako bost kirolariak Maria Valdes hautatzailearekin batera abiatuko dira abenduan Brasilera. Hautatzailez gain, Marina Poyato, Diego Capilla, Javier Camacho, Nagore Morales, Felix Lopez eta Ana Isabel Fajardo teknikariak eta Diego Toro medikua ere izango dituzte bidelagun txapelketan.