Proban parte hartzeko interesa daukaten korrikalariek Herrikrosa atarian izena eman dezakete. “Internet bidez aurretiaz izena ematen dutenek 14 euro ordaindu behar dituzte”. Probaren egunean bertan izena emateko aukera egongo dela gaineratu dute antolatzaileek. “Izena emateko web orria erabilgarri egongo da lasterketaren egunera arte; proba baino 30 minutu lehenago plataforma irekita egongo da. Parte hartzaileek, kasu horretan, 20 euro ordaindu beharko dituzte”.
Lasterketa 11:30ean hasiko da, eta Aldats pilotalekutik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Ibilbidea erabat laua dela azpimarratu dute. “Parte hartzaileek zumarditik zehar prestatu dugun zirkuituari bi bira eman beharko dizkiote lehendabizi eta, amaitzeko, beste bira motzago bat osatu beharko dute”.
Sariak egongo dira lehenengo sailkatzen diren hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat. Ohi modura, lehen postuan helmugaratzen den herritarrarentzako zein beterano azkarrenarentzako ere sari berezia egongo da. Parte hartzaile guztien artean, gainera, askotariko opariak zozkatuko dituzte.