Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes duen ekimen herritar honek bi kanpaina nagusi izan ohi ditu urtero. Udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura lelopean, bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba sortak banatzen dira. Udazkenean, berriz, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren % 25).
Eskaerak azaroaren 10era bitartean egin ahal izango dira, www.errigora.eus atarian edo 848 87 12 23 telefono zenbakira deituta eta Zuhatza Euskara Elkarteko bazkideek produktuak Deban jasotzeko aukera izango dute, azaroaren 23an Ifar Kaleako bulegoan.
Produktuen dastaketa. Beste behin ere, Errigoraren kanpainan eskaintzen diren produktuak bertatik bertara ezagutzeko hitzordua antolatu du Zuhatzak. Urriaren 27an, ostegunean, egingo da dastaketa, 18:00etan Kultur Elkarteko liburutegian. Ekimena doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango du eta, hortaz, aurrez eman behar da izena (688 840 308 telefono zenbakian). Euskaraldian izena emateko aukera egongo dela ere aurreratu dute antolatzaileek.