Zehazki, %175 hazi da bisitari kopurua. “Bertakoa zein kanpotik etorritako jendea gogotsu ikusi da udaz gozatzen”. Datuak onak izan badira ere, pandemia aurreko zifrak ez direla gainditu adierazi dute. “2019ko udako datuekin alderatuta, datuak baxuagoak dira: %36,34 bisitari gutxiago erregistratu da. Tendentzia hori orokorra da. Turistek bulegoak gutxiago bisitatzen dituzte, izan ere kontsulta gehiago egiten dira Internet bidez”.
Antolatu diren ekimenetan, aldiz, jende gutxiagok parte hartu duela adierazi dute. Hondartzaren erabilera handitu denez, parte hartzean eragina izan duela ondorioztatu dute. Iazkoarekin alderatuta, besteak beste, %21 jaitsi dira Geoparkeko bisita gidatuak. “Bisita horietara etorritako jende kopuruari dagokionez, 2021 urtea errekor urtea izan zen”.
Sorospen zerbitzuen funtzionamendua ere ona izan dela esan dute
Ostalaritzako datuak ere onak izan direla azaldu dute. “Herriko turismoko enpresekin izandako kontaktuen arabera, txukun lan egin dute”. Erromes aterpetxetik ere jende asko igaro dela esan dute. “Apirilaren 25ean zabaldu zen eta, ordutik, 7.000 erromes izan dituzte lotan. Aipatzekoa da ekainaren erditik aurrera egunero bete dela”.
Eguraldi ona tarteko, hondartzan ere jende asko ibili dela adierazi dute. “Pandemia aurreko egoerara itzulita, zerbitzu guztiak eskaini dira”. Ondo baloratu diren berrikuntza batzuk ere egin dituztela gaineratu dute. “Besteak beste, mugikortasun murriztua dutenentzako toldoak ipini dira, hondarretan jolasteko bigarren boleibal sare bat jarri da eta ur kiroletako bi gune eskaini dira”.
Sorospen zerbitzuen funtzionamendua ere ona izan dela esan dute. “Aurten, aurreko urteetan baino erreskate gehiago egin behar izan dituzte. Izan ere, aurreikusten ez ziren korronteak sortu dira, bereziki uda hasieran. Aulki anfibioa ere asko erabili da aurten”. Hondartzan jende asko egon izanak, aldiz, hondakin kopuru handia sortzea eragin du. “Ildo horretan, horiek biltzeko Ur (h)ondoa garden kanpaina gauzatu da”.