Aurtengo Euskeraz Bagera zikloa Euskaraldiarekin batera abiatuko da, azaroaren 18an bertan, eta abenduaren 10era arte luzatuko da. Ez da kasualitatea. Izan ere, hiru asteko epe tarte horretan, beste bi data esanguratsurekin ere bat egingo baitu programazioak: Euskararen Nazioarteko Egunarekin (abenduaren 3an), batetik, eta Zuhatza Euskara Elkartea sortu zeneko 25. urtemugaren ospakizunarekin (abenduan), bestetik.
Hori hala, Zuhatza, Debako Udala eta Euskaraldia elkarlanean ari dira Euskeraz Bagera egitaraua prestatzen, eta bestelako eragile guztiei ere deia egin diete euren proposamenak egin eta ekimenarekin bat egin dezaten. Ekarpenen bat egin nahi dutenek urriaren 31ra arteko epea izango dute horretarako; 688 879 631 telefono zenbakian jar daitezke harremanetan antolatzaileekin.
Ekintza eta data guztiak zehaztuta ez badaude ere, askotariko jarduerak aurreikusten dira programazioan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, adibidez, Mintzodromoa, literatur ekimenak edota musika emanaldiak izango dira aukeran. Eta, abenduaren 2an, 22:00etan, Benito Lertxundik kontzertu berezia eskainiko duela ere iragarri dute.
Sarrerak salgai. Gaur, urriaren 28an, hasi da Benito Lertxundiren kontzerturako sarreren salmenta. Zuhatzaren bulegoan eskura daitezke sarrerak, 25 euroan, astelehenetik ostiralera (10:00-13:00), baita Internet bidez ere (ondoko loturan). Sarrera guztiak aurrez saltzen ez badira, emanaldiaren egunean bertan ere izango dira salgai kiroldegian, 30 euroan.
Bestalde, Zuhatzako bazkideek hiru euroko deskontua izango dute emanaldirako sarrerak azaroaren 18a baino lehen erosiz gero; 22 euroan izango dituzte txartelak eskura. Online bidezko erosketan ez da deskonturik izango.